Zarauzko AEK, egoitza berrian
Zarauzko euskaltegiak egoitza berria inauguratuko du irailaren 15ean. Ikasturtea hastear, irakasleak azken ukituak ematen ari zaizkie datozen urteetan lantoki izango dituzten lokalei. Izan ere, euskaltegi berria hiru esparruz osatuta dago, Zuberoa kaleko 16. eta 18. zenbakien artean: erdikoan, harrera tokia, bulegoa, irakasleen gela, tutoretza gela eta ikasgela bat egongo dira; ezkerrekoan, hiru ikasgela; eta eskuinekoan, hainbat aukera eskaintzen dituen areto handia, garbia. Lokalak barrutik ez daude lotuta, baina kanpoan estalpe ederra dutenez, batetik bestera erraz eta eroso ibili ahal izango dira ikasleak zein irakasleak. Euskaltegi berria Araba kalean zegoen egoitza zaharretik hurbil dago, eta Zarauzko Udalak 25 urterako egindako lagapenari esker eskuratu du AEK-k, obrak egitearen truke.