AEK-Korrikak 2024ko Ibilbideari Elkar Saria jaso du Elkar Fundazioaren eskutik. Saria 2016tik ematen da, eta haren helburua da Elkar Fundazioaren iritziz euskal kulturari ekarpen aipagarria egin diona nabarmentzea eta saritzea. Honela azaldu ditu Elkar Fundazioko idazkari Jon Jaka Auzmendik aurtengo arrazoiak: “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko xedea lortzeko, AEKk lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun izan dio 70eko hamarkadatik”. Hala, “milaka lagun euskaldundu dira AEKren euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu euskarara eta euskararen aldeko ekimenetara haren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik”. AEKko Artezkaritza Kontseiluko Aize Otaño Lizarraldek eta Korrikaren koordinatzaile Ane Elordi Alburquerquek esker oneko hitzak izan dituzte ekitaldian: ”Hori guztia ezin izan dugu egin AEKren sorreratik erakundean izan diren kide, euskalgintzako bidelagun, eragile, norbanako euskaltzale eta ikasle barik. Horrenbestez, haiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, eurak guztiak gabe ez litzatekeelako ez AEKrik ez Korrikarik izango. Sari hau guztiona da, beraz: izan zirenena, garenona eta izango direnena”. Aurrerantzean helburu berarekin lanean jarraitzeko asmoa agertu dute: “Orain arteko bidetik jarraituko dugu euskararen aldeko kontzientzia suspertzen, eta sari honek bide hori egiteko indar handiagoa emango digu”.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.