Ipar Euskal Herriko AEK-k baliabide duinak eskatu ditu
Joan den urriaren 19an, Ihintz Olidenek (AEK-ko koordinatzailea), Amaia Beyriek (AEK-ko Zuzendaritzako kidea), Xabi Gartziak (AEK-ko Artezkaritzako kidea) eta Sébastien Castetek (Euskal Konfederazioko langilea) Helduen Euskalduntze Arloari lanerako bitarteko sendoak emateko eskatu zieten Ipar Euskal Herriko erakundeei, Baionako AEK Gau Eskolan egindako agerraldian. Ekitaldiaren helburua izan zen Ipar Euskal Herriko AEKren egoera aurkeztea eta helduen euskalduntzerako baliabide duinen beharra agerian uztea.
Ikasturte honetan, orotara 1.600 ikaslek eman dute izena Ipar Euskal Herriko AEKn; hala ere, gaur egun, bertan ez dago eskolen doakotasuna ahalbidetzeko bekarik. Ikasle eta langile kopurua hazten ari den heinean, ikastaroen eskaintza gero eta askotarikoagoa da, eta formakuntza erakundeei eskatzen zaizkien kalitate berme ziurtagiriak lortuak ditu AEK-k. Halaber, euskara ikasteko ahalik eta baldintza onenak eskaintzeko, etengabeko hobekuntza eta garapena izan ditu betidanik helburu.
Hortaz, Ipar Euskal Herriko AEK helduen euskalduntzearen ildoko erronka handiei aurre egiteko prest da, baina hizkuntza politikaren berme diren erakundeen engaiamendu eta apustu eskasak biziki oztopatzen du helduen euskalduntzeak merezi duen garapena. Besteak beste, gau eskolen funtzionamendua segurtatzeko dirulaguntza publiko egokirik ez dutelako kontuan hartzen. AEK-ko langileek egoera hori salatu nahi izan dute agerraldian, “jasaten ahal dugunaren mugara helduak” direlako.