Ikasturteko azken online mintzodromoa
Joan den hilean egin zuten AEKren e-uskaltegian ikasturteko azken online mintzodromoa. Euskara maila ezberdina duten 50 lagunek hartu zuten parte, horietako 15 Euskal Herritik kanpokoak; adibidez, AEKn online ikasten ari diren Alemania, Valentzia eta AEBetako ikasleak. Horiei gehitu zitzaizkien euskara beste euskaltegi batzuetan ikasten ari diren edota euskaraz mintzapraktika egin nahi duten hainbat lagun. Izan ere, parte-hartzea irekia izaten da, eta nahi duen orok eman dezake izena bertan.
Hiru gairi buruz hitz egin zuten, 45 minutuko bina saiotan eta bospasei laguneko taldetan banatuta: gazteak eta helduak, oporrak eta turismoa, eta sare sozialak. Oro har, egunerokotasuna duten gai errazak aukeratzen dituzte, inor ez dadin berba egin barik geratu.
Amaitutakoan, balorazio ona egin zuten partaideek. Hala izan ohi da, parte hartzen dutenek jende berria ezagutzeko eta euskaraz mintzatzeko gogoa izaten dutelako, eta helburu horiek lortuta geratzen direlako.
Urtean lau mintzodromo antolatzen ditu e-uskaltegiak (irailean, abenduan, martxoan eta ekainean). Hurrengoa, hortaz, irailaren 23an egingo da. Interesa duenak www.egela.aek.eus atariko blogera jo behar du. Izena emateko epea irailean egongo da zabalik, 20ra arte.