Iparretik hegora, Nafarroa mintzakide
Iaz Pirinioetan bezala, aurten Nafarroako Erriberan jarri da martxan Mintzakide egitasmoa. Urtarrilean abiatu zuten kanpaina, eta dagoeneko bederatzi talde elkartzen dira astero euskaraz hitz egiteko: sei Tuteran, bat Alesbesen, bat Kaskanten eta beste bat Murchanten. Guztira, 50 bat lagun. Gehienetan, kafetegiren batean edo pintxo-potean biltzen dira, baina Kaskantekoek eta Alesbesekoek, adibidez, nahiago dute aurretik paseotxoa egin. Gainera, Corellan, Cintruenigon, Castejonen eta Fustiñanan ere ari dira taldeak osatzen. Horrez gain, hilean behin irteera antolatzen dute, Erriberako mintzakideak batzeko. Hala, pasa den hilean, Bardeak bisitatzeko txangoa egin zuten. Hortaz, mintzakide hauei esker, gero eta euskara gehiago entzun eta hitz egingo da Euskal Herriko hegoaldean.