‘Lur arrotzak’ poema-bilduma kaleratu du Amaia Lasak
Itsasoaren sakonetik gizartearen zaurietaraino hedatzen den ahots poetikoa eskaintzen du Amaia Lasaren azken lanak: Lur arrotzak (Erein). Poeta getariarrak liburu honetan bildu dituen poemak bidaiatzat har daitezke: erbestea1, memoria, identitatea, mina eta itxaropena gurutzatzen dituzten paisaia fisiko eta emozionaletan barrena egindako bidaia, non bizitzaren edertasuna eta krudeltasuna elkarren ondoan dauden. Amaia Lasaren ahots garaikide2 eta konprometituak edertasunaren eta minaren arteko muga ukitzen du, galdutako lurretatik sortzen den giza muina irudi indartsuz eta sentipen biziz arakatuz3. Hitzek, azken batean, gizatasunaren muina ukitzen baitute. Amaia Lasa 1960ko hamarkadan hasi zen poesia idazten; euskal literaturan, emakumezko ahots aitzindarietako4 bat da, hortaz. Haren lanek sentimenduen zuzeneko adierazpena eta irudi sinbolikoak uztartzen5 dituzte, eta hainbat ditu argitaratuak: Poema bilduma (1971), Hitz nahastuak (1977), Nere paradisuetan (1979), Malintxearen gerizpean (1988) eta Barne iraultzen loraldia (2016). EHUk, 2000. urtean, ordura arteko poesia-bildumak plazaratu zizkion, Geroko aurpegia izenburupean. Koldo Izagirrek, berriz, Lasaren poemen antologia bat argitaratu zuen 2001ean, XX. mendeko poesia kaierak bilduman.
1. Erbeste: exilio (es), exil (fr).
2. Garaikide: contemporáneo, -a (es), contemporain, -e (fr).
3. Arakatu: explorar (es), explorer (fr).
4. Aitzindari: precursor, -a (es), précurseur (fr).
5. Uztartu: konbinatu, nahasi.
