KORRIKAren 11 egunetan jasotako babes masiboaren ostean, “12. eguna” ekimena iragarri du AEKk
AEKk 24. KORRIKAren lehen balorazioa jakinarazteko agerraldia egin du, euskararen aldeko karrera arrakastatsua amaitu eta ia 24 ordura. Bertan izan dira KORRIKAren arduradun Ane Elordi, AEKren Nazio Kontseiluko kideak eta, nola ez, lekukoaren barruan Euskal Herria zeharkatu duen mezuaren egileak.
Parte-hartzea masiboa izan dela adierazi dute guztiek: “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela. Inoiz baino lekuko-hartze1 gehiago izan dira, 3.400etik gora; eta askoz lagun gehiagok eraman dute lekukoa”. KORRIKAren arduradunak azpimarratu duenez, “babes zabala izan du 24. KORRIKAk, ez da egon jende gutxiko kilometrorik”.
Halaber, nabarmendu dute 24.a “Pizkundearen2 KORRIKA” izan dela, Pizkunde berri baterako lehen txinparta3. Horixe islatu nahi izan du AEKk KORRIKAren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita. Alta, gazteok ez ditu ausaz4 aukeratu: guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok geure egitea dagokigun erantzukizuna, zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua5, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla. Hala, euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. KORRIKAk, gazteak lehen lerrora ekarrita, gaurko agerraldian gertatu den moduan. Izan ere, haien esku-hartzea ezinbestekoa da azken helburura heltzeko: “Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”. Horrekin batera, Elordik esan duenez, “honek ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu; Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko6 orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz”.
AEKren engaiamendua, “12. eguna”
AEKk “12. eguna” izeneko ekimena7 iragarri du agerraldian: “KORRIKAn parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa KORRIKAn, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko8 konpromisoa eskatzen diegu hemendik: KORRIKAren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.
Eskaerak egiteaz batera, AEKk berak zer gehiago egin dezakeen ere adierazi du agerraldian: “Beti esan dugu ez dela nahikoa KORRIKAn parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin KORRIKA igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta KORRIKAren 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu KORRIKAren “12. eguna” izeneko ekimena”.
Horren baitan, AEKn, apirilaren 22an, ordubeteko eskolak emango dira, doan. Hasiera-mailako eskolak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat. Bestalde, AEKk maiatzaren 21ean Euskal Herrian inoiz baino euskara gehiago entzutea nahi du, eta horretarako, “65 mintzodromo antolatuko ditugu egun horretarako, Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz”.
1. Lekuko-hartze: erreleboa.
2. Pizkunde: renacimiento (es), renaissance (fr).
3. Txinparta: sutatik salto egiten duen zatikia.
4. Ausaz: aleatoriamente (es), de manière aléatoire (fr).
5. Engaiamendu: konpromisoa.
6. Elikatu: jaten eman.
7. Ekimen: iniciativa (es), initiative (fr).
8. Harago: urrutirago.
