Udakoak jaialdia Kanbon
Antzerkia, kantua eta musika protagonista izango dira, uztailaren 23tik 25era, Kanboko Arnaga Etxean, Udakoak jaialdiari esker. Kanboko Herriko Etxeak antolatuta, hiru emanaldi izango dira. Hilaren 23an, Kalakan taldeak Ahotsez izeneko emanaldia eskainiko du, Berçaitz anaiekin batera, eta ondoren Kanboko Harmonia bandarekin joko du. 24an, antzerkia egongo da: Ageneko Les Comédiens du Chêne konpainiak Les Papillotes aurkeztuko du. Azkenik, 25ean, Jean-Marie Ecay gitarristak jazz- eta world-doinuak uztartuko ditu, Marc Berthoumieux soinujolearekin1. Hiru emanaldiez gain, arratsaldero 19:00etatik aurrera, DJ baten doinu lasaiek girotuta tragoa hartzeko eta/edo mokadua2 jateko aukera izango da Arnagako lorategian.
Udakoak jaialdia ez da berria, aurreko urteetan Estivales izena eduki duen festibalaren jarraipena baizik. Izena aldatuta, Kanboko Herriko Etxeak ildo berria abiatu du, euskal kultura eta hizkuntzaren lekua indartzeko helburuz. Jaialdirako erreserbak www.cambolesbains.fr webgunean egin daitezke.
1. Soinujole: acordeonista (es), accordéoniste (fr).
2. Mokadu: bocado (es), bouchée (fr).
