Hasi dira Mungiako sanpedroak, herriko jaiak. Eta bertako Kinttopeko AEKk 50 urte beteko dituenez aurten, Mungiako Jai Batzordeak euskaltegiari eskaini dio hasierako pregoia idatzi eta leitzeko aukera. Irakasle guztien artean irakurri dute, ”pozez eta ohore handiz”, Mungiako udaletxeko balkoitik; baita bertsoa bota eta plaza bete zuten herritarrak xanpainez freskatu ere. 


Pregoiaren hasieran, euskaltegian 50 urtean ibilitako bidelagun guztiei eman dizkiete eskerrak: ikasleak, irakasleak, lehenengo ikasle eta gero irakasle izandakoak, herriko elkarteak, auzokideak, tabernak, dendariak, Udala... Ez dute ahantzi, halaber, Kinttopeko euskaltegia ez zela bat-batean sortu: “Hainbat hazi1 erein2 behar izan genituen. Hastapenak3 ez ziren, ez, batere samurrak4 izan. Ez dugu ahaztu gura, hortaz, gu orain hemen gaudela 60ko hamarkadan euskararen inguruan sortutako herri-mugimenduaren ondorio garelako”. Orduz geroztik, oztopoak oztopo, Uribe Butroen euskaraz eroso bizitzeko aukerak sortzen jarraitu du AEKk gaur egunera arte: “Euskara hobetzeko, praktikatzeko, gure kultura ezagutzeko eta bertan murgiltzeko gune izan da, eta da, Kinttopeko”.

Gogoan izan dute, zelan ez, Korrika ere, “euskararen aldeko ekimenik jendetsuena eta esanguratsuena5. Urte birik behin, Kinttopekori eta hainbat herritar laguntzaile ezinbestekori esker izaten dugu Mungian ere bizitzeko aukera”. Aurtengo Euskara gara leloari erreparatuta, baieztatu dute Euskal Herria euskararen herria dela, “eta euskara, gure izateko eta bizitzeko modua. Gu guztiok gara mendeetako soka luze horren beste katebegi6 bat”. Hortaz, aldarrikatu7 dutenez, “euskararen lekukoa egunero pasatu behar diogu elkarri, jaietan ere bai”.

Pregoia bukatzeko, gogorarazi dute oraingoa ere ez dela sasoi8 erraza euskararentzat: “Inoiz ere ez da izan! Egoera bakoitzeko zailtasun eta aukeretara egokitu beharra izan dugu, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu”. Amaitzeko, plazara gerturatutako guztiei eskatu diete argi izateko “euskara denean dagoela, bere lekua daukala eta eman egin behar diogula, euskaraz bizi gaitezkeela”.

1. Hazi: semilla (es), semence (fr).
2. Erein: sembrar (es), semer (fr).
3. Hastapen: hasiera, lehenengo une.
4. Samur: erraz.
5. Esanguratsu: garrantzitsu, inportante.
6. Katebegi: eslabón (es), chaînon (fr).
7. Aldarrikatu: reivindicar (es), revendiquer (fr).
8. Sasoi: època (es), époque (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.