Uztailaren 22tik 26ra egingo da Donostiako 61. Jazzaldia, eta bost egunez musikaz blaituko1 du hiria. Jazz-doinuek ez ezik, bestelako estiloek ere izango dute lekua jaialdian. Aurten, 77 kontzertu eskainiko dituzte, 47 dohainik, 12 agertokitan. Euskal artistek ere presentzia nabarmena izango dute, tokiko 30 taldek hartuko baitute parte.

Ohi den moduan, jazz-artista apartak izango dira jaialdian. Aurten, bi izen nabarmentzen dira denen artean: Pat Metheny eta Diana Krall. Bigarrena Marc Ribot gitarristarekin ariko da. Izen ezagun horiez gain, nazioarteko artista paregabe gehiago izango dira Donostian: Marcus Miller, Joe Lovano, David Murray, Charles Tolliver, Carmen Lundy, Cécile McLorin Salvant, Samara Joy, Azar Lawrence, Louis Sclavis, Mike Stern, Julian Lage, Nils Petter Molvær, Erik Truffaz, Antonio Lizana, Vincent Peirani, Émile Parisien, Bruce Barth, Vicente Archer, Benito Gonzalez eta Julius Rodriguez, besteak beste. Antolatzaileek Samara Royren parte-hartzea azpimarratu dute. Izan ere, artista gaztea, 6 Grammy sari irabazi dituena, lehen aldiz izango da hirian.

Bestelako musika-estiloei dagokienez, eskaintza nagusia Keler guneko doako kontzertuetan izango da, guztira zortzi: ETS, Danielle Nicole, Nøgen, Kokoshca, HOFE, Emma-Jean Thackray...

Omenaldi eta sariek ere lekua izango dute aurtengo edizioan. Hala, batetik, Miles Davis eta John Coltrane omentzeko bina kontzertu antolatu dituzte, jazzaren historian ezinbestekoak diren bi artisten jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Bestetik, hiru Donostiako Jazzaldia sari banatuko dituzte: David Murray eta Joe Lovano saxofonistei, eta Miguel Martini, 1984tik Jazzaldiaren zuzendaria izan denari.

Ekitaldi horiez guztiez gain, gune eta eskaintza gehiago izango dira Jazzaldian. Esaterako, haur eta gaztetxoentzako Txikijazzak hamalaugarren aldia izango du, eta Nauticooleko terrazan, Kontxako badia parean, 12 DJ-saio izango dira jaialdiak iraun bitartean.

Jazzaldiaren webgunean ikus daiteke egitaratua xehe-xehe2, baita ordainpeko kontzertuetarako sarrerak erosi ere: https://www.jazzaldia.eus.

1. Blaitu: empapar(se) (es), être trempé (fr).
2. Xehe-xehe: detalladamente (es), minutieusement (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.