Termita, estereotipoak hausten dituen nobela
Garazi Albizuak gaztelaniaz idatzi eta Bego Montoriok euskarara itzulitako Termita eleberria kaleratu du Erein argitaletxeak. Gaztelaniazko Euskadi literatur saria irabazi zuen nobelak 2025ean, eta laudorio1 asko jaso ditu: “Errebeldea, feminista, ausarta...” dela, protagonistaren “ahots gupidagabeak2 konbentzio guztiak apurtzen” dituela, “literatura-proposamen berritzailea” dela... Amamarekin bizi den eta teleoperadore diharduen emakume jada ez hain gazte baten egunerokoa kontatzen du, lehen pertsonan. Protagonistak ez du betetzen gizarte patriarkalak emakumeei ezartzen dizkien ereduetako bat bera ere; haren gorputz ez-normatiboak, sexualitate asegaitzak3, zaintzaile-zereginari uko egiteak eta ama ez izateak izaki marjinala bihurtzen dute besteen begien aurrean. Alabaina4, ez du biktima-jarreraz hitz egiten, ez du pena eman nahi, ez du enpatiaz baliatu nahi. Inolako errukirik gabe mintzo da, kapitulu laburretan, elipsiak eta isiluneak bikain baliatuz. Dena blaitzen5 duen aura punk tristez inguraturik, inolako trabarik gabe hausnartzen du janariarekin duen harremanaz, sexuaz, lan-zapalketaz, maitasunez; agertzen du nola heredatzen diren pobrezia eta gizarte-bazterkeria, nola birsortzen diren iraganeko bortxak, belaunaldiz belaunaldi, pribilegio gutxien duten emeen gorputzetan. Biloba baten eta amama baten arteko maitasuna ere adierazten du, originaltasun handiz.
1. Laudorio: alabanza (es), louange (fr).
2. Gupidagabe: implacable (es), impitoyable (fr).
3. Asegaitz: insaciable (es), insatiable (fr).
4. Alabaina: hala ere, dena den, haatik.
5. Blaitu: guztiz busti.
