‘Su bizia!’ Mungian San Joan gauean
Ekainaren 23an San Joan gaua ospatuko da, eta Euskal Herriko bazter ugaritan piztuko dituzte San Joan suak; hala, urteko gaurik motzena jai-giroan argituko dute. Mungian ere berdin egingo dute, eta aurtengoa, gainera, are bereziagoa izango da. Izan ere, udako solstizioa ez ezik, Deabru Beltzak antzerki-konpainiaren 30. urteurrena ere ospatuko dute. Horretarako, Su bizia! izeneko ekimena egingo dute San Joan bezperan1, arratsaldetik gauera arte. Deabru Beltzak konpainiak eta Mungiako Udalak antolatua, sua, tradizioa, musika, dantza, piroteknia, bertsoa eta herritarren parte-hartzea uztartuko ditu.
Izenak dioen moduan, ekitaldi bizia izango da: elementu ikusgarri hutsez harago, komunitatea biltzeko, herria aktibatzeko eta tradizioa gaur egungo sormenetik berrirakurtzeko ikurra2 izango da sua. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua ez da soilik San Joan gauaren inguruko egitaraua eskaintzea, baizik eta “Mungia kultur sorkuntzaren, tradizio berrituaren eta kaleko arteen gune erreferentea bihurtzea egun batez”.
Su bizia! arratsaldean hasiko da, familientzako eta publiko zabalarentzako jarduerekin, eta, gauak aurrera egin ahala “izaera ikusgarriagoa eta erritualagoa hartuko du”. Egitaraua 18:00etan abiatuko da, Matxin plazan, familientzako tailer eta jolasez. Ondoren, 21:00etan, dantza bertikala ikusi ahal izango da udaletxeko fatxadan, Janire Etxaberen Dimegaz proiektuaren eskutik.
Ikuskizun horren ostean, kalejira hasiko da, udaletxetik Uriguen parkera, herriko eta lurraldeko hainbat musikari eta dantza-talderen laguntzaz: Bizkaiko Gaiteroak, Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskola, Gure Ametsa Txistulari Taldea eta Alaiak Mungiako Soinulari Elkartea.
21:30etik aurrera, urtero legez, txokolatea banatuko dute bertaratzen direnen artean, eta 22:00etan gaueko ekitaldi nagusia hasiko da. Besteak beste, malabar argidunak, koreografia eta dantza uztartuko3 dira. 22:15etik 22:30era, Markeliñe Taldeak eta Orain Bi Taldeak performance berezia eskainiko dute. Ondoren, 22:30ean, Deabru Beltzak eta Taket Mungiako Bertso Eskola konpainiaren 30. urteurrenaren ospakizun berezirako elkartuko dira. Ikuskizunak musika, piroteknia eta akerraren4 pizte magikoa batuko ditu, eta ekitaldiaren amaieran agurra bertso bidez egingo da.
Azkenik, eguna erromeriaz bukatuko da, 22:45etik aurrera, Musika Eskolako trikitilarien eskutik.
1. Bezpera: víspera (es), veille (fr).
2. Ikur: sinbolo.
3. Uztartu: konbinatu, nahasi, bat egin.
4. Aker: macho cabrío (es), bouc (fr).
