2024an Tene Mujika beka irabazita, Mirande: herriminez, ezin-minez liburua ondu1 zuen Mikel Sotok. Lau urteko ikerketa-lanaren emaitza da, eta Jon Mirande (1925, Paris – 1972, Paris) idazleari buruz egindako ikerketarik zabalena eta sakonena. Izan ere, haren gainean orain arte ezagutzen zena sakonago aztertu, osatu eta berritu egin du, eta, datu ezezagunak eta interpretazio berriak eskaintzeaz gain, argitaratu gabeko testu ugari ezagutarazi ditu.

Lanaren garrantzia aintzat hartuta2, eta ahalik eta gehien emateko ezagutzera, Elkar argitaletxeak eta Deabruaren Eskolak Mirande, hasiera berri bat hitzaldi-zikloa antolatu dute, beste zenbait erakunderen laguntzaz. Hala, Euskal Herriko hainbat tokitan, Soto bera hitzaldiak eskaintzen ari da beste idazle eta aditu batzuekin batera, Miranderen bizitzaren, obraren eta eraginaren alderdiak jorratzeko3.

Hitzaldi-zikloa iragan apirilaren 16an abiatu zuten, Iruñean, eta ekainera arte iraungo du. Orduko hartan, Soto Jon Alonso idazle eta itzultzailearekin aritu zen Mirandek ondorengo belaunaldiengan4 izandako eragina aztertzen.

Bigarren hitzordua gaur bertan izango da, apirilaren 22an, Gasteizko Montehermoso Kulturunean. 18:30etik aurrera, Miranderen gaineko ikerketak eta eztabaidak: blokeoak, urratsak, beharrak eta erronkak hitzaldia eskainiko dute Sotok eta Miel Anjel Elustondok.

Gero, apirilaren 23an, Sotok eta Amaia Elizalde ikertzaileak ‘Haur besoetakoa’: gaurkotasuna eta etorkizuna hitzaldia emango dute Donostian, Elkarrek Fermin Calbeton kalean duen dendan, 18:30ean.

Zikloak maiatzaren 14an jarraituko du aurrera Bergarako Olaso dorrean. Bertan, 18:30etik aurrera, Sotok eta Olaso Dorrea Fundazioko patronatuko lehendakari Irati Jimenezek ‘Euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri utsa’: Miranderen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna saioa eskainiko dute.

Hizlari berak ariko dira hurrengo saioan ere, ekainaren 3an, Lakuntzan. Bertako liburutegian, Mirande arazo ala gu? Jon Mirande gure arbasoen gelan izenburupean, solasaldia egingo dute, 18:00etan hasita.

Ekainaren 14an, beste hitzordu bat izango du zikloak Bilbon, Bira kulturgunean, hain zuzen ere. 18:30ean, Sotok, Katixa Agirrek eta Galder Perezek mahai-ingurua egingo dute Mirande euskal kulturan: iraunkortasunak eta biziberritzeak izenburupean.

Zikloa bukatzeko, azken saioa Zuberoan egingo da, oraindik zehazteke5 dauden tokian eta egunean. Hori bai, gaia Jon Mirande, poeta zuberotarra izango da.

1. Ondu: sortu, idatzi.
2. Aintzat hartu:
tomar en consideración (es), prendre en considération (fr).
3. Jorratu:
tratar (es), traiter (fr).
4. Belaunaldi:
generación (es), génération (fr).
5. Zehazteke:
zehaztu gabeko, zehaztuta ez dagoen.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.