Maiatzak 21: Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna
AEK 65 mintzodromo inguru antolatzen ari da maiatzaren 21erako, datorren asteko osteguna Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna izan dadin1. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago www.korrika.eus/etaizangogara atarian eta AEKren euskaltegietan.
Ez da jarduera isolatua2, Korrikaren 12. Eguna: euskara gara... eta izango gara izeneko ekimenaren barrukoa baizik. Ekimen hori martxoaren 30ean iragarri3 zuen AEKk, 24. Korrikaren balorazioa egin zuenean, Euskal Herri osoari erakusteko zer gehiago eskaini ahal duen euskararen pizkunderako4. Bi ekintza egingo zituela jakinarazi zuen, eta apirilaren 22an gauzatu zen lehena: ordubeteko eskola eskaini zuen, doan, hainbat euskaltegitan. Oraindik euskarara inoiz hurbildu ez den jendearentzat propio5 prestatuko eskola izan zen, hasiera-mailakoa, hizkuntzarekin lehen harremana izateko.
Maiatzaren 21ean, berriz, Elkarrizketa eta Garapenerako6 Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunean, AEKren Praktikatu Zerbitzuak euskaraz eroso mintzatzeko eremuen beharra aldarrikatuko7 du: “Euskarak eremuak behar ditu, oraindik ere, gure hizkuntza praktikatu eta bizitzeko, eta mintzapraktika-egitasmoetan parte hartzea horretarako abagunea8 da”. Hala, maiatzaren 21eko mintzodromoetan, euskarari buruz euskaraz mintzatuko dira parte-hartzaileak, 20-25 minutuko bi txandatan. Eta, besteak beste, galdera hauei erantzuten saiatuko dira: zure herrian badituzu euskaraz lasai aritzeko tokiak? Zer egin kalean euskararen presentzia handitzeko? Nola handitu euskararen erabilera eremu digitalean eta sare sozialetan? Hizketagai praktikoa eta sakona aldi berean, parte-hartzaileen euren esperientzietan oinarritua.
1. Izan dadin: izateko.
2. Isolatu: aislado, -a (es), isolé (fr).
3. Iragarri: ezagutzera eman, ezagutarazi, jakinarazi.
4. Pizkunde: renacimiento (es), renaissance (fr).
5. Propio: específicamente (es), spécifiquement (fr).
6. Garapen: desarrollo (es), développement (fr).
7. Aldarrikatu: reivindicar (es), revendiquer (fr).
8. Abagune: ocasión (es), occasion (fr).
