Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa liburu eta guzti dator aurten
Datorren barikuan (apirilak 17) aurkeztuko da, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri-ekintzak liburua. Txapelketaren antolaketa1-taldeko Aitor Fdez. de Martikorena Rodríguezek idatzi du, AEKk argitaratu eta Uribe Kostako Mankomunitateak diruz lagundu. Aurkezpenera joateko sarrerak aldez aurretik2 eskatu behar dira, esteka honetan: https://sarrerak.sopela.eus/actua/esaera-zaharren-txapelketaren-liburuaren-aurkezpena/
Liburua hiru ataletan dago banatuta. Lehenengoan, orain arteko 30 edizioen ibilbidea eta historia kontatzen dira. Bigarrena kartelen, oroigarrien, pegatinen, lehiakideen, bertsolarien... irudiek eta argazkiek osatzen dute. Eta hirugarrenak lagungarri izan gura du euskara-irakasleentzat, atsotitzak eta/edo bertsoak lantzeko material egokia izan daitekeelako. Azken atal horretan, Txapelketan agertutako 207 atsotitz ageri dira, azalpenez eta bertsoz lagunduta.
AEKk Txapelketa omendu nahi izan du liburua argitaratuz, ekimenak jende-kopuru polita batzen duelako urtero euskararen izenean; eta, zelan ez, 30 edizio bete izanak ere eragin du liburua kaleratzeko erabakian. Uribe Kostako Mankomunitateak, bestalde, diruz lagundu du argitalpena, jarduerak herrian euskararen presentzia indartzeko egiten duen ekarpenarengatik. Gainera, urteen poderioz3, herriko hainbat tabernaren eta merkatariren babesa ere lortu du Txapelketak. Herriak ekimena estimatzen duen seinale, antolaketa-taldeko kideak izan zirela Sopelako iazko jaietako pregoilariak. Tartean, Fdez. de Martikorena bera, une honetan antolakuntza-lanetan denbora gehien daraman kidea.
Liburua, hortaz, 31. edizioaren atarian aurkeztuko da, apirilaren 25ean jokatuko baita Sopelan. Esaera zaharrak, bertsoak, musika eta giro paregabea lotzen dituen lehiaketaren aurtengo leloa Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk da. Bertsolari gonbidatuak, berriz, Aner Peritz eta Aissa Intxausti izango dira. Txapelketarako ikasi beharreko ehun esaera zaharrak prest daude dagoeneko https://praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian4, eta parte hartu nahi duten taldeek (bi eta lau lagun artekoak) apirilaren 20ra arteko epea dute izena webgune horretan bertan emateko.
1. Antolaketa: organización (es), organisation (fr).
2. Aldez aurretik: previamente (es), au préalable (fr).
3. -en poderioz: a fuerza de (es), à force de (fr).
4. Atari: portal (es), portail (fr).
