‘Irakur kasko’, udan lasai irakurriz gozatzeko
Erronka bota du Euskal Kultur Erakundeak (EKE): uda honetan, baietz irakurri euskarazko 300 liburu, gutxienez, denon artean! Irakur kasko izendatu du ekimena, eta “irakurketa erronka ludikoa, kolektiboa” dela adierazi. Asmoa da helburu komun baten inguruan irakurle-komunitate bat biltzea eta, esan bezala, euskarazko 300 liburu (bederen1!) irakurtzea denen artean uda honetan, lagunen laguntzaz helburuak errazago lor daitezkeelakoan2.
Irakurle helduentzat da, bereziki, gonbidapena, eta, besteak beste, euskaraz irakurtzeko usaiarik3 ez duten euskal hiztun, euskara ikasten ari diren, gehiago irakurri nahi duten eta euskarazko irakurzaletasuna bultzatzen lagundu nahi dutenentzta. Hala ere, bakoitzak bere erritmoan har dezake parte, “elkartasunez” jokatuko baitute, “irakurle trebeek irakurle hasiberriei lagunduz”. Bakarka zein binaka har daiteke parte, eta izena emateko epea ez da agorrilaren4 31ra arte amaituko. Horretarako eta argibide gehiago jakiteko, www.eke.eus atarira5 jo daiteke.
1. Bederen: por lo menos (es), au moins (fr).
2. Lor daitezkeelakoan: lortu ahal direla uste izanda.
3. Usaia: ohitura, usadio.
4. Agorril: abuztu, urteko zortzigarren hila.
5. Atari: webgune, web-orri.
