Ekainean ere, Darabilbo martxan
Bisitak museoetara, garagardo-dastaketa1, eta kirola eta natura uztartzen dituen ekimena. Denak ere, euskaraz. Jarduera horiek eskainiko ditu ekainean, Bilbon, Darabilbo egitasmoak, hirian euskararen erabilera sustatzeko helburuz.
Guztira, zortzi hitzordu antolatu ditu Darabilbok, eta horien artean bi nabarmendu dituzte antolatzaileek. Batetik, hilaren 11n, Otxarkoagako jaietako Euskararen Egunean, Garagardoa vs. Soldata izenburupean garagardo-dastaketa egingo dute. Bestetik, 20an, Kirola eta Natura ekimenaren barruan, Ollargan-Montefuerte parkean orientazio-proba izango da.
Nolanahi ere, horiek ez dira izango hitzordu bakarrak, museoetara hainbat bisita gidatu antolatu baitituzte. Lehen biak gaur, ekainak 4, izango dira: Ondare aretoan, Zinema-kartelak Bilbon erakusketa ezagutuko dute; eta Arte Ederren Museoan, Paraleloak eta meridianoak. XX. mendeko arte garaikidea izenekoa. Azken hori ikusteko beste bi aukera izango dira hilaren 17an, goizez eta arratsaldez antolatuko bi bisitetan. Azkenik, hilaren 18an, Rekalde aretoan, Nikolas Nixon. Handitasunetik intimitatera argazki-erakusketa ikusteko parada2 izango dute, goizez zein arratsaldez, halaber.
Bilboko Euskaltegi Sareak (besteak beste, AEKren euskaltegiak) eta Bilboko Udalak antolatutako egitasmoa da Darabilbo, eta, arestian3 aipatu bezala, hirian euskararen erabilera bultzatzea du xede. Egitasmoaren xehetasun guztiak eta ekitaldien agenda darabilbo.eus webgunean ezagut daitezke. Bertan eman behar da izena, era berean, ekitaldietan parte hartzeko.
1. Dastaketa: cata (es), dégustation (fr).
2. Parada: oportunidad (es), opportunité (fr).
3. Arestian: hasieran, gorago.
