2025eko apirilaren 28a “gure oroimenean iltzatuta geratuko den eguna” dela eta, hainbat eragilek Itzalaldiaren1 urteurrenean, burujabetzaren2 aldeko manifestu kolektiboa sinatu dute. Tartean dira, besteak beste, Udalbiltza, REAS Euskadi, ELA, LAB, ESK, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ekhilur, Goiener eta Izarkom.

Manifestuan diotenez, “oraindik ez dago argi zerk eragin zuen aurrekaririk gabeko itzalaldi hura. Aitzitik3, agerikoak bezain sakonak dira eragin zituen ondorio sozial eta ekonomikoak: argi erakutsi zigun, inoiz baino konektatuago gaudela uste dugun garaiotan, zein mendekoak eta zaurgarriak4 garen”.

Sinatzaileen ustez, ontzat eman5 dugu gure oinarrizko beharrak oligopolio handien eta multinazional gutxi batzuen eskuetan uztea. Eredu horrek ez du sinesten kontrol demokratikoan, onura pribatuan baizik; eta ez du bermatzen herritarren parte-hartzea, dinamika global basatia baizik”.

Dena den, “beste modu bat” badagoela adierazi dute manifestuan: “Premiazkoak ditugu sare autonomo, demokratiko eta partizipatiboagoak; beharrezkoa dugu tokiko6 ekonomiak eta komunitateak indartzea; eta ezinbestekoa dugu guztion oinarrizko ondasunen gaineko burujabetza berreskuratzea. Kontua ez da mundutik baztertzea, eredu zentralizatu eta basati horrek eragindako itzalaldien aurrean elkar konektaturiko herri-alternatiba iraunkorrak piztea baizik”.

Hala, adierazpenaren egileek deritzote7 “elkarren beharra dugula eraldaketa ekosozialaren bidean aurrera egiteko, eta hala egunerokoan nola hurrengo itzalaldian ez gaituztela irabazien gose diren multinazionalek babestuko; bai, ordea, komunitatean jositako sare sendoek”. Halaber, ondorioztatu dute “egitura komunitario horiek sortu eta babesteko bidea elkarrekin egin behar dugula. Horretarako, premiazkoa da gure kontsumo-ohiturak ikuspegi kritikotik aztertzea eta eztabaida irekitzea. Energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako, gaur egun oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen mende egon. Zenbait herri-proiektuk egunero frogatzen dugun moduan, kudea8 daitezke justizia soziala, iraunkortasuna9 eta parte-hartze demokratikoa ardatz hartuta”. Adibide moduan jarri dute Goiener eta Izarkom kooperatibek elkarlanean abian jarritako Itzali sistema, Piztu alternatibak ekimena, “gizarte-mailan babes handia jaso zuena”.

Bukatzeko, itzalaldiaren urteurrena zertarako baliatu nahi duten adierazi dute: “Bestelako ekonomia-eredua eta herri-alternatibak aldarrikatzeko. Orain da ekiteko unea. Herritarrok, erakunde publikoek eta kooperatibok indarrak batu behar ditugu trantsizio ekosoziala bultzatzeko. Itzalaldi gehiago saihesteko. Benetako alternatibak pizteko”.

1. Itzalaldi: apagón (es), coupure d'électricité (fr).
2. Burujabetza:
subiranotasun, independentzia.
3. Aitzitik:
sin embargo (es), par contre (fr).
4. Zaurgarri:
vulnerable (es), vulnérable (fr).
5. Ontzat eman:
onartu, ondo iruditu.
6. Tokiko:
local (es), local, -e (fr).
7. Deritzote:
uste dute, irizten diote, pentsatzen dute.
8. Kudeatu:
gestionar (es), gérer (fr).
9. Iraunkortasun:
sistenibilidad (es), durabilité (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.