Zortzi jantziren bitartez XX. mendeak modan zein diseinuan eragindako aldaketak ezagutzeko aukera eskaintzen du Errenteriako Jantziaren Zentroak, Moda&Design izeneko erakusketan. Ekainaren 6an inauguratua, uda osoan egongo da ikusgai, irailaren 27ra arte.

Historiako aldaketa handiek zuzeneko eragina izan dute gizartean, alor guztietan. Besteak beste, janzkeran1, altzarietan, arkitekturan eta/edo eskulturan islatu izan dira. XX. mendean aldaketa historiko esanguratsuak2 gertatu ziren, gertakari garrantzitsu ugari izan baitziren: lehen eta bigarren mundu-gerrak, industria-iraultza, kontsumo azkarraren garapena... Horiek guztiek modan eta diseinuan ere aldaketak eragin zituzten, eta, hain zuzen, horien berri ematen du Jantziaren Zentroan dagoen erakusketak. Zehazki, zortzi jantziren bidez 1900. eta 1980. urteen artean modak eta diseinuak izandako bilakaera erakusten du: natura oinarri duen Art Nouveau-ren lerro bihurriak3; 20ko hamarraldiko luxua eta modernotasuna; Art Decó-ren geometria; eta mendearen erdialdeko industria-ekoizpenaren sinpletasun eta erabilgarritasuna. 

Zortzi jantziak erreplikak dira, hamarkada horietako modaren adibide. Bakoitzaren atzealdean, hiru metro luzeko kartel batean, jantziari dagokion hamarkadako diseinuari buruzko informazioa eta garai horretako altzari baten argazkia ageri dira. Era berean, garai bakoitzean modan ziren koloreak ikus daitezke.

Erakusketa Jantziaren Zentroko (Errenteriako Kapitain Etxea) lehen solairuan dago ikusgai, eta doakoa da. Hori bai, soilik asteburuetan eta jaiegunetan dago irekita: larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

Bestalde, ekainaren 13tik 28ra bitartean, Kapitain Etxeko lehen eta bigarren solairuak itxita egongo dira, erakusketa iraunkorra4 aldatzeko lanak egingo dituztelako. Dena dela, Jantziaren Zentroaren lana bertatik bertara5 ezagutu nahi duenarentzat bisita gidatu berezia antolatu dute ekainaren 20an, 17:00etatik eta 19:00etara. Sei laguneko taldeetan, ordu erdiko bisita laburrak eskainiko dituzte, eta partaideek une horretan prestatzen ari diren jantziak ikusi eta lanean ari diren kideekin hitz egiteko aukera izango dute. Modu horretan, erakusketa baten muntaiaren atzean dagoen ezkutuko lana erakutsi nahi dute zentroko arduradunek. 

Bisitan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. postara idatziz edo Errenteriako turismo-bulegora deituz (943 49 45 21). Bisitak lau euro balio ditu.     

1. Janzkera: janzteko era edo modu.
2. Esanguratsu: garrantzitsu, balio handiko.
3. Bihurri: sinuoso, -a (es), sinueux, -euse (fr).
4. Iraunkor: permanente (es), permanent (fr).
5. Bertatik bertara: gertutik, hurbiletik, bertara joanda.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.