Mundu osoko animaziozko lanak Deban
Irailaren 8tik 12ra egingo da Deban Animadeba nazioarteko animazio-festibalaren 19. edizioa. Lau egunez, animazioa nagusi izango da, egitarau oparoari1 esker. Animaziozko film luze eta laburrak ez ezik, haurrentzako saioak, tailerrak, profesionalen topaketak eta kontzertuak ere eskainiko ditu jaialdiak.
Pelikulei dagokienez, hainbat sailetan bilduko da eskaintza. Sail Nagusian, nazioarteko hamar film labur eskainiko dituzte, eta Film Labur Onenaren Saria, Gidoi Onenaren Saria eta Publikoaren Saria eskuratzeko lehian izango dira. EHU Zuzendari Berriak sailak proposamen berritzaile, desberdin eta ikuspegi apurtzailea dutenei egingo die lekua; guztira, nazioarteko beste hamar lan izango dira.
Lehiaketaz kanpoko sailak ere izango dira. Esaterako, Panorama izenekoan, ikus-entzunezko panoramako aniztasuna irudikatzen duten 11 film labur eskainiko dituzte. Animatxiki deritzonak, berriz, 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat beren-beregi aukeratutako hamar lan labur jasoko ditu.
Bestalde, atzerabegirakoa2 eskainiko zaie nazioarteko animazio independentearen bi erreferente nagusiri: Hugo Covarrubias eta Špela Čadež. Animazio garaikideko bi egileen lanak ezagutzeko eta haien unibertso artistikoan murgiltzeko balioko du atzerabegirakoak.
Tricky Women Tricky Realities jaialdia ezagutzeko aukera ere izango da festibal gonbidatuari eskainitako sailean. Hogeita bost urteko ibilbidearekin, ikuspegi feminista eta emakume zein genderqueer artisten lana ditu ardatz jaialdi gonbidatuak. Guztira, zortzi film labur bilduko ditu sail honek.
Film luzeei ere tartea egingo die aurten Animadebak, proposamen bereziarekin. Adin guztietarako eskaintza osatzeko asmoz, nazioartean saritutako lanak eta estreinaldi esklusiboak uztartuko ditu sailak. Besteren artean, Dekoratua emango dute, Alberto Vázquezena.
Bai lehian izango diren sailetan bai lehiaz kanpokoetan, film gehienak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskainiko dituzte.
Bestelako eskaintzari dagokionez, industria-topaketez eta tailerrez gain, musika-eskaintza zabala izango da. Hala, besteak beste, Sara Zozayaren, Suaren eta Maskak taldearen kontzertuak eskainiko dira. Egitarau osoa animadeba.com webgunean ikus daiteke. Bertan, gainera, ordainpeko3 emanaldietarako sarrerak eros daitezke.
1. Oparo: zabal, jarduera ugariz osatua.
2. Atzerabegirako: retrospectiva (es), rétrospective (fr).
3. Ordainpeko: ordaindu beharreko, ordaindu behar dena.
