Maiatzaren 29tik 31ra bitarteko asteburuan ospatuko da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Literaturarekin lotutako hainbat ekitaldi izango dira bertan (egitarau osoa eta informazio gehiago www.literaturia.eus atarian1 dago ikusgai), baina liburu-aurkezpenak larunbatean (hilak 30) izango dira: hamar liburu argitaratu berri, Lege Zaharren Enparantzan kokatutako2 karpan, sei goizean eta lau arratsaldean. Hala, goizeko hamaiketan hasita, Amaia Aranzetak Bihotzaren izkin batetik (Maiatz) narrazio laburren bilduma aurkeztuko du. Ondoren, Ernestina de Champourcin XXXV. Poesia Saria irabazitako Zainetatik zilarra (Pamiela) poema-liburuaren berri emango du Nahia Intxaustik. Txalapartak argitaratutako Bihotzean napalma (Pol Guasch, Ibai Sarasuak itzulia) liburuaren txanda 12:15ean izango da; ordu erdi geroago, Joxean Agirrek Mio Marito deitzen zion (Elkar) eleberria aurkeztuko du. Eta 13:15ean Maite Lopez Las Herasen Zirtak su I. Hasieran bazen hitza (Alberdania) nobela historikoaren txanda izango da. Goizeko seigarren eta azken aurkezpena, 13:45ean, Martxelo Otamendiren Handira jotzeko kazetaritza (Berria) liburuarena izango da. Arratsaldean, 16:30ean hasiko dira aurkezpenak. Lehenengoa, Katakrak argitaletxearen Ekologia pirata baten alde (Fatima Ouassak, Leire Mendiburu itzultzaile). Igela argitaletxeak kaleratutako Utopiaren belaunaldia nobelaren txanda 17:00etan helduko da (Artur Pestana dos Santos Pepetela idazleak ondu3 eta Iñigo Roquek itzulitako eleberria). Bukatzeko, 18:30ean Aitziber Etxebarriaren Chicago (Erein) nobela, eta 19:00etan Denboraren esku urdinak (Susa) poesia-bilduma Peio Iturralderen eskutik.

1. Atari: webgune, web-orri.
2. Kokatu:
ezarri, jarri, ipini.
3. Ondu:
idatzi.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.