Euskaldunentzako “askea eta segurua izango den Aste Nagusia” eraikitzeko bidean, Aste Nagusian euskara nagusi kanpaina abiatu dute Bilboko Konpartsek eta Guka euskararen aldeko mugimenduak. Bilboko Konpartsen helburua “guztiok batera eta inor ere kanpoan utzi gabe gozatuko ditugun jaiak antolatzea” izanik, “guztiontzako den hori, euskaraz” dela aldarrikatu dute, eta, horrenbestez, Konpartsen festa-gunea euskaldunentzako “espazio askea” izango dela adierazi dute.

Helburu hori lortzeko, euskararen egungo errealitatea aztertu dute eta, hortik abiatuta, egoera hobetzeko konpromiso berriak zehaztu dituzte. Adibidez, azterlanean egiaztatu dutenez, txosnetan jartzen duten musikaren % 27 da euskaraz. Horren aurrean, konpartsa bakoitzak, bere errealitatetik abiatuta, euskarazko kanten kopurua handitzeko kuotak adostu ditu: % 33, % 66, % 90 eta/edo % 100.

Txosnetako txandak egiten dituzten kideen jarduna ere aztertu dute: % 75ek egiten dute euskaraz, eta % 90ek “egin ahalko lukete euskaraz”. Ondorioz, arreta euskaraz bermatzeko1 beharrezkoak diren oinarrizko hitzak eskainiko zaizkie, hiztegiak sortuko dituzte eta lehen hitza euskaraz izateko konpromisoa hartu dute, euskarari eusteko erronkaz batera.

Hizkuntza-paisaiari dagokionez, % 81 da euskaraz, azterketaren arabera. Konpartsa batzuek urratsa egingo dute mezu elebidun batzuk euskara hutsean izateko, eta beste batzuek euskararen aldeko mezu esplizituak txertatuko dituzte. 

Konpartsek antolatzen dituzten ekitaldiei dagokienez ere antzeko konpromisoa azaldu dute. Egun, programatzen dutenaren % 54 da euskaraz, eta % 16 soilik gaztelania hutsean. Bada, hemendik aurrera, euskarari arreta handiagoa eskainiko diote zenbait konpartsak, eta egun gaztelaniaz egin ohi dituzten zenbait ekintza euskaraz egingo dituzte beste konpartsa batzuek.

Azken urteetan, euskarari dagokionez, pausoak egin dituzte Bilboko Konpartsek: komunikazio-kanaletan euskararen erabilera handitu, lantaldeetako eta batzordeetako irizpideak2 berrikusi... Euskarari presentzia eta lehentasuna3 ematen aritu dira, eta orain aurkeztutako ekimenak urrats gehiago ekarriko ditu, Bilboko Aste Nagusia “euskararen ekosistema” izan dadin. 

Nolanahi ere, Bilbo euskaldunagoa izateko bidean, eragile eta instituzio gehiagoren parte-hartzea ezinbestekoa dela ere nabarmendu dute konpartsek eta Gukako kideek. Era berean, euskaldunei babesa emango dieten hizkuntza-politiken beharra azpimarratu dute, “une oro korrontearen kontra ibili behar ez izateko”.

1. Bermatu: garantizar (es), garantir (fr).
2. Irizpide: criterio (es), critère (fr).
3. Lehentasun: prioridad (es), priorité (fr).


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.