Nafarroa Arenako finaleko sarrerak agortu egin dira
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala ikusi nahi duenak, oraindik sarrerarik eskuratu ez badu, jezin izango du bertatik bertara1 bizi. Izan ere, dagoeneko ez da sarrerarik geratzen abenduaren 20ko hitzordurako. Horrenbestez, beste moduren batean ikusi beharko du. Hori bai, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, finala etxean ikusteko aukera anitz2 egongo da, baita bertsoaz beste hamaika plazatan gozatzeko ere.
Irailaren 19an hasi zen Txapelketa, Hazparnen, eta ordutik egindako saio guztietan jendetza bildu da. Bertsozale Elkarteak emandako datuen arabera, herriz herri, batez beste3, 750 bertsozale elkartu dira lehen faseko saio guztietan, eta finalaurrekoetako lehenengo fasean, berriz, 1.500 lagun baino gehiago bilduko dira astero. Finalaurrekoen bigarren itzulirako aurreikuspenek, gainera, jende gehiago espero dute: 2.000 bertsozale saio bakoitzean.
Honako hauek dira finalerako bidean jokatzeke4 dauden saioak: urriaren 31n, Eibarren; azaroaren 7an, Gernika-Lumon; 14an, Miarritzen; 21ean, Donostian; 28an, Gasteizen; eta abenduaren 5ean, Bilbon. Saioetarako sarrerak https://www.bertsosarrerak.eus/ webgunean eros daitezke. Finalerako sarrera preziatua dutenek finaleko otorduak eta autobus-tiketak eros ditzakete bertan.
1. Bertatik bertara: hurbiletik, gertutik.
2. Anitz: asko, ugari.
3. Batez beste: por término medio (es), en moyenne (fr).
4. Jokatzeke: jokatu gabe.
