Udazkenean ere, 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi-zikloa martxan
Adimen artifiziala, erizaintza1 inklusiboa eta trantsizio energetikoa jorratuko ditu Emakume zientzialarien argitan solasaldi2-zikloak, Donostian, udazken honetan. Urritik abendura, hiru saio izango dira, hirurak euskaraz, eta beste hainbeste emakume zientzialari ezagutzeko aukera eskainiko dute.
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute zikloa, emakume zientzialariak ezagutzera emateko helburuz. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu izan dira, eta gaur egun ere emakumeen aurkako diskriminazioa nabarmena da esparru horretan. Horri aurre egiteko, aurrez aurreko elkarrizketak eskaintzen ditu zikloak. Udazkenekoa aurtengo bigarren zikloa da, urtearen hasieran beste bat antolatu baitzuten.
Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzaileak gidatuko ditu hiru saioak. Lehenengoa urriaren 6an izango da. Adimen artifiziala auzitan izenburupean, komunikazio-arloko irakasle eta ikertzaile Miren Berasategi Zeberio izango da hizlaria.
Azaroaren 3an, Garbiñe Elizegi Narbarte erizaina izango da protagonista. Erizaintzan doktorea, Emakume eta genero ez-normatibo euskaldunak osasungintzan izango du hizpide.
Azkenik, abenduaren 1ean, Estitxu Villamor Lomas fisikan doktoreak Trantsizio energetikoaz hausnartzen saioa eskainiko du.
Hitzaldi guztiak Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira, 19:00etan. Gainera, hizketaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren Emakume zientzialarien argitan podcastean ere entzun ahal izango dira.
1. Erizaintza: enfermería (es), infirmerie (fr).
2. Solasaldi: charla (es), conversation (fr).
