Arantxa Iturbek jasoko du Ibilbide Saria
Lau hamarkadan euskal kulturaren eta literaturaren alorrean egindako ekarpen “esanguratsua1” aitortzeko, Kutxa Fundazioaren 2026ko Ibilbide Saria eman diote Arantxa Iturbe idazle eta irrati-esatariari2. Sariaz, “bereziki sormenaren, komunikazioaren eta euskararen alde” egindako lana nabarmendu nahi izan dute.
Kazetaritza-ikasketak egina, urte luzez irrati-esataria izan da Iturbe, eta 1985etik Euskadi Irratian jardun du askotariko lanak eginez, albistegiak eta elkarrizketa-saioak, besteak beste. Hain zuzen, kazetari-lanak ere aitorpena ekarri zion 2000. urtean, Rikardo Arregi saria eskuratuta. Literaturan ere ibilbide oparoa egin du, 1992an bere lehen ipuin-bilduma (Ezer baino lehen) argitaratu zuenetik haur, gazte zein helduentzako literatura-lanak idatziz. Antzerkigintzan ere lan aipagarria egin du, Agurtzane Intxaurragarekin batera, eta bi aldiz irabazi du Max saria.
Kutxa Fundazioak 2022az geroztik ematen du Ibilbide Saria, euskal liburugintzako erreferentziazko lau elkarterekin batera: Euskal Editoreen Elkartea (EEE); Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE); Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea. Aldez aurretik, Arantza Urretabizkaiak (2022), Jose Angel Irigaraik (2023), Asun Agirianok (2024) eta Anjel Lertxundik (2025) irabazi dute.
Iturbek azaroaren 19an jasoko du saria, Donostiako Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, Literaktum 2026 Literatura Jaialdiaren egitarauaren barnean. Ekitaldi berean, gainera, Kutxa Fundazioaren Literatura Sarien 58. edizioko bi lan irabazleak aurkeztuko dituzte: Gorputzen aldiriak3 kontakizun-liburua, Nerea Arrien Elordirena, eta Kontuz, Ikaro! antzezlana, Jon Gerediagarena.
1. Esanguratsu: significativo, a (es), significatif, -ive (fr).
2. Esatari: locutor, -a (es), speaker (fr).
3. Aldiri: cercanía (es), alentour (fr).
