Loraldia Plaza Zaratamon eta Arrigorriagan
Bosgarren urtez, Loraldia Plaza jaialdia egingo dute Zaratamo eta Arrigorriaga herrietan, euskal sormen garaikideari1 tokia egiteko. Azaroaren 27an eta 28an eta abenduaren 10etik 13ra izango da, eta musika, literatura, dantza, bertsolaritza, performancea eta gastronomia uztartuko ditu. Guztira, sei hitzordu eskainiko ditu bi herrietako zenbait agertokitan.
Zure gailurretik gora da aurtengo edizioko leloa. Kirmen Uriberen hitzek eta Mikel Urdangarinen kantuak iradokitzen2 duten ildotik, kulturak bizipoza pizteko, irudimena zabaltzeko eta munduari beste begirada batetik heltzeko duen gaitasuna aldarrikatuko du jaialdiak.
Loraldia Plaza azaroaren 27an, ostiralean, hasiko da, Ines Osinaga eta Ahizpak egitasmoa eskainita. Bertan, Osinagak euskal eta kubatar sustraiak elkartuko ditu musika eta dantzaren bidez, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egiguren lagun dituela. Emanaldia Zaratamoko Kultur Aretoan izango da.
Hilaren 28an, Sukramarkus izenburupean, Maite Arroitajauregi Mursego musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak musika, literatura, performancea eta umorea nahasiko dituzte Markos Gimenoren palindromoen unibertsoa berrinterpretatzeko. Hitzordua Arkotxako elizan izango da.
Abenduaren 10ean, DAB Dantza Konpainiak bi koreografia eskainiko ditu Abusuko Kultur Zentroan: Kea eta Tinieblak. Donostiako Tabakalerako emakumeak eta industriaren itzaletan arituizan diren emakumeak omenduko ditu lehenak; bigarrenak, berriz, dantza garaikidearen bidez erritualen eta herri-kulturaren arteko harremana landuko du, euskal dantzako erreferentziak oinarri hartuta.
Abenduaren 11n, Lonbo aretoan, Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek musika eta bertsolaritza elkartuko dituzte 1:1 eskala ikuskizunean, emakumeen bizitzan behin eta berriz agertzen den erruduntasun3-sentipena abiapuntu hartuta.
Hilaren 12an, Lonbo aretoan izango da berriz ere hitzordua: Mikel Urdangarin musikariak kontzertua eskainiko du laukote-formatuan. Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, Ulibarri Artzainak proiektuak gazta- eta txakolin-dastaketa eskainiko du Azokean, hilaren 13an.
Egitarau zehatza, xehetasun guztiak eta sarrerei buruzko informazioa Loraldiaren webgunean topa daitezke: loraldia.eus/plaza/arrigorriaga-zaratamo/.
1. Garaikide: contemporáneo, -a (es), contemporain, -e (fr).
2. Iradoki: sugerir (es), suggérer (fr).
3. Erruduntasun: culpabilidad (es), culpabilité (fr).
