Paralelo 0 festibala, urriaren 16tik 18ra
Txingudiko badiako hiru herrietako zenbait elkartek Paralelo 0 (ez ipar ez hego) jaialdia berriz antolatzea erabaki dute: Hendaiako Borderline Fabrikak, Hondarribiko Psilocybe eta Lotura elkarteek, eta Irungo Bloody Mary elkarteak eta Lakaxita gaztetxeak indarrak batu dituzte hiru eguneko musika-egitaraua osatzeko. Ekimena eskualdeko1 eta inguruetako publikoari denetariko musika-programazioa eskaintzeko helburuz sortu zen iaz; aurten, orduko esperientzia ederraren ondoren, kontzertuak hiru egunez izango dira. Hala, mugaz bi aldeetako taldeak egongo dira agertokian, euskarazko, mugaz gaindiko eta emakumeek gidatutako proiektuen presentzia bermatuta2.
Festibala ostiralean abiatuko da Hendaia eta Irun arteko oinezkoentzako zubian, Txaranga Urretabizkaiak egingo duen performancearekin. Ondoren, Borderline Fabrikan, Zumaiako Bigboy taldea eta Bilboko Rrucculla proiektuaren kontzertuak izango dira. Bukatzeko, musika elektronikoa Irungo Hazia gunean. Larunbatean, kontzertu bikoitza izango da. Batetik, Psilocyben, Ekhi Lambert, Mikosis eta Joseba B. Lenoir Gang taldeen kontzertuak; eta jarraian, Lakaxita gaztetxean, Panda Valium eta Adur banden zuzenekoak eta DJ saioak. Igandean, Hendaiara itzuliko da jaialdia eta Borderline Fabrikan bi zuzeneko elektroniko eskainiko ditu: Reichmelt bilbotarra eta Nora Sigué ziburutarra.
Kontzertuetarako sarrerak leku bakoitzean egongo dira salgai egunean bertan, baita Bordeline Fabrikaren atari digitalean ere. Hiru egunetarako bonua ere egongo da (25 €) Bloody Mary disko-dendan, Etxebe, Depor eta Hazia tabernetan, Borderline Fabrikan eta L’avant-propos liburu-dendan.
1. Eskualde: comarca (es), région (fr).
2. Bermatu: garantizar (es), garantir (fr).
