Ez dira gutxi Euskal Herriko eta Argentinako kulturak lotzen dituzten artistak, idazleak edo musikariak. Atahualpa Yupanqui, Hego Amerikako folklorearen erreferentea izan zena, euskal musikarientzat ere inspirazio iturri handia izan zen. Marcos Tedin. Argazkia: Foto Estudio Luisita.
Badaude kultura, herri edo pertsona batean aztarna ahaztezina uzten duten kontzertuak. Adibidez, The Clash talde britainiarrak 1981ean Anoetan emandakoa ezinbestekoa izan zen 80ko hamarkadan sortutako euskal rock erradikala bultzatzeko. Ildo beretik, Atahualpa Yupanqui argentinarrak Bilboko Buenos Aires Antzokian 1967an eskainitakoak izugarrizko garrantzia izan zuen garai horretako sortzaile euskaldunentzat.
Atahualpa Yupanqui (jaiotzez Hector Roberto Chavero) 1908an jaio zen, Pergaminon, Argentinako herri txiki batean. Hasieratik, bere mundualdia eta bizipenak landa eremuari lotuta egon ziren. Bertan hazi zen eta bertan ikasi zuen musika jotzen. Herrixkatik herrixkara ibiltzen zen leku bakoitzeko kultura barneratzen, eta toki guztietara gauza bera eramaten zuen: bere musika. Ogibide eta bizitoki ugari izan zituen, baina bere pasioa ez zuen inoiz alde batera utzi.
Argentinako iparraldean bizi izan zenean ikasi zuen erritmo eta instrumentu berriak jotzen. Ezezagun zuen parajean, hango istorioak entzun eta laster islatu zituen bere abestietan. Hainbat kantu eskaini zizkion maitemindu zuen probintziari, Tucumani, hain zuzen ere; eta 1930eko hamarkadan grabazioak egiten hasi zen, lehendabizikoz.
Hasieran, Yupanquiren ideia politikoek ibilbidea oztopatu zioten. Protesta kantak egiten zituen, non bere pentsamendua eta ideologia agerikoak ziren. Landa eremuetan lan egiten zutenek sufritzen zuten egoeraz mintzatzen zen: pobrezia, prekarietatea, bidegabekeria… Isilik bizi zirenei ematen zien ahotsa. Horregatik, musikari jardun zuen lehenengo urteetan, espetxeratua, zentsuratua eta erbesteratua izan zen. Hala ere, bere gitarra eta ahotsarekin aurrera egin zuen.
Argentinan zehar ibili zen inspirazio bila, herrialdeko kultura ugariak entzuten, ezagutu zituen istorioak kontatzen. 1949an Parisera joan zen, Edith Piafekin abestu zuen, eta 1952tik aurrera, Argentinan berriro, gero eta ospetsuagoa bilakatu zen. Bere abestiak irratira heldu ziren, diskoak bata bestearen atzetik grabatzen zituen, eta laster hasi zen munduko hainbat tokitan kontzertuak ematen: Frantzia, Alemania, Japonia, Mexiko, Euskal Herria…
Maite Idirinek (Ugao, 1943 - Angelu, 2024) 24 urte zituen Yupanquik Bilbon emandako kontzertura joan zenean. 2006an, honela kontatu zion Argia astekariari: “Entzutera joan nintzen. Buenos Aires Antzokira etorri zen, eta bi mila edo hiru mila lagun bildu ginen. Bilboko antzokirik handiena, beteta”. Argi eta garbi, argentinarraren musikak zaletasuna piztu zion: “Gitarra jotzen ikasten hasi nintzen, Bilbon. Atahualpa entzun nuenean, txundituta geratu nintzen. Indiarren defentsa egiten zuen, kantu soziala”.
Idirin oso artista garrantzitsua bihurtu zen euskal kantagintza berrian. Hainbat kontzertu eman zituen, garaiko beste artista batzuekin kolaboratu zuen eta erreferente bilakatu zen. Ibilbide luzea izan zuen euskal musikagintzan, eta hamasei album kaleratu zituen. Lehenengoa, 1968an argitaratua, Atahualpa Yupanqui euskaraz izan zen. Artistak diskoaren sorrera azaldu zion Argia astekariari: “Ez zen denbora asko Atahualpa entzun nuela Bilbon. Ikaragarria iruditu zitzaidan haren kezka soziala. Haren kantak hartu, eta itzultzeko eskaera egin nion Gabriel Arestiri. Gero, Paulo Iztueta ezagutu nuen eta hark bi itzuli zituen”.
Gabriel Aresti idazle bilbotarrak Aize, aize eta Indioaren bidea euskaratu zituen, eta Paulo Iztueta berastegiarrak Arri ta bide eta Bein batez. Mikel Laboak ere gustuko zuen artista argentinarra, eta Piedra y camino abestia grabatu zuen. Bistan denez, Yupanqui inspirazio handia izan zen 1960ko hamarkadan euskal musika eta literatura berritu zituzten artistentzat. Izan ere, Euskal Herria bisitatu zuenean Ez dok amairu taldekoekin egon zen.
Hala ere, euskal sortzaileekin izan zuen harremanaz harago, bazuen lotura gehiago Euskal Herriarekin. Izan ere, bere ama, Higina Carmen Aran, euskalduna zen. Haren familiak Gipuzkoatik Argentinara jo zuen, eta landa eremura joan zen bizitzera. Yupanquik, Oinazez izeneko abestian, kopla hauek eskaini zizkion amari: “Egunen batean, helduko naiz Euskal Herrira kantatzera. Ai, ama! Nire kopletan itzuliko zara”.
AZTARNA SAKONA
Argentinako folklorean garrantzirik handiena izan zuen artistak euskal jatorria zuen. Atahualpa Yupanquik, emakume gipuzkoar baten semeak, aztarna ahaztezina utzi zuen bai Argentinako musikan bai Euskal Herrikoan. Gaur egun ere, artista askok haren abestien bertsioak egiten dituzte, hala nola Divididos, Joaquin Sabina, Joan Manuel Serrat eta Pedro Aznarrek.