Norbanakoekin eta ingurukoekin konektatzeko eta enpatizatzeko pedagogia eredu berezia. Horixe da Arberoako ikastolaren oinarria. Seaska ikastolen federakuntzako ikastola hau 2008an sortu zen, eta, ordutik, euskarazko irakaskuntza Komunikazio Ez Bortitza (KEB) izeneko ereduarekin uztartu du. Helburua? Haurrek beren sentimenduen gaineko ezagutza garatzea, liskarrak konpontzeko bide eraginkorrak proposatzea eta, azken finean, kalitatezko harremanak egituratzen ikastea. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.
“Euskara, ingurumenarekiko lotura eta denondako ongizate nahia dira Arberoako ikastolaren ardatzak”. Hala dio Maialen Etxart Salaberri (Izturitze, Nafarroa Beherea, 1978) Arberoako ikastolako irakasle eta zuzendariak. Ikastola 2008an sortu zuen guraso talde batek, Nafarroa Behereko Donamartiri herrian. Lehen urtea lau ikaslerekin abiatu zuten; egun, 70 ikasle inguru, 6 irakasle eta 4 laguntzaile pedagogiko dira. Hamar urtez, eraikin prefabrikatuetan eman dituzte eskolak, baina duela urtebete eraikin berria altxatu zuten.
Egitasmo pedagogiko honen abentura Maialen Etxartekin abiatu zen, nolabait. Haren esanetan, “ni jada Seaskan irakasle nintzen, baina gaizki bizi nituen zigorrak edota gatazkekiko irakasleen inpartzialtasunik eza. Iruditzen zitzaidan bukaerako ekintzak zigortu ohi zirela, horien zergatia ezagutu gabe. Horregatik, pedagogia berritzaileak interesatzen hasi zitzaizkidan, ene lehen haurdunaldiaren garaian. Haien artean, Komunikazio Ez Bortitza bereziki”. Ikastolaren sorreran guraso gisa parte hartu zuen Etxartek, eta ondotik, ikastolako lehen irakaslea bilakatu zelarik, ikasitako teknikekin esperimentatzen hasi zen: “Lehenik ene asmoa zena gurasoena eta gerora helduko ziren irakasleena ere bilakatu zen”.
Zer da KEB?
Komunikazio Ez Bortitza (KEB) Marshall Rosenberg (AEB, 1934-2015) psikologo eta irakasleak sortu zuen, 1960ko hamarkadaren hasieran. Harreman eredu honen bidez “denon ongizatea” erdiestea litzateke xedea, eta, horretarako, pertsonak osotasunean ezagutzeari ematen zaio garrantzia; hau da, pertsona bakoitza bere iritziekin, izuekin, nahikeriekin eta abarrekin ulertzea. Etxartek honela definitzen du KEB: “Bi hitzetan, Komunikazio Ez Bortitza bizi filosofia moduko bat litzateke, norberari bere buruarekin hobeki bizitzen laguntzen diona, bai eta besteekin harremanetan egoten edo harreman baketsua izaten ere”. Hala, ikastolan, sentimenduen ezagutzari eta sentipenok adierazten eta kudeatzen ikasteari garrantzi handia ematen diete. Horren erakusle, ikasgela orotan ezarri dituzten sentimenduen xokoak, non ikasleek beren emozioak partekatzeko parada duten. Horretaz gain, eskerrak emateko uneak antolatzen dituzte, zoriontsu egiten gaituzten gauzengatik eskerrak emateko mementoak, alegia. Gainera, egunero, eskola hasi baino lehen, bakoitza nola sentitzen den adierazteko ohitura dute.
Artekaritza, gatazkak konpontzeko
Edozein gisan, Etxarten arabera, “KEB ez da komunikaziora mugatzen. Ez da hobeki mintzatzen ikasteko metodo bat; bestela, manipulazio tresna bat besterik ez litzateke. Eredu honen bidez, edozein gertakariren aitzinean, gertakari horrek norberarengan eta besteengan sortzen dituen erreakzioak behatzen ditugu. Eskolan, gauza bat txarra ala ona dela erakutsi ohi digute, baina gertakariak ez dira neutroak, eta modu ezberdinean eragiten digute. Horregatik uste dut egiatik edo naturaltasunetik gehiago hurbiltzen gaituela elkar eredu honek, moralak baino”.
Haatik, dena ez da beti erraza, are gutxiago liskarrak badirelarik tarteko. Horretarako, Komunikazio Ez Bortitzak estrategia propioak garatu ditu pertsonen arteko gatazkak deskorapilatzen laguntzeko. Oinarria litzateke, lehen aipatu bezala, gertakari jakin batek aktore bakoitzarentzat “kolore” ezberdina izan dezakeela onartzea. Etxartek dioenez, gatazkak ebazteko lau urrats egiten dituzte, enpatia eta entzute aktiboa oinarri: behaketa (gertatu dena aztertzen da, gertakaria sentimenduetatik bereiziz); eragina (bakoitza nola sentitu den aztertzen da); beharra (sentimenduen gibelean, zein behar ase diren edo ez diren aztertzen da); eta, azkenik, eskakizuna (taldearen edo norberaren beharra asetzeko zer behar den galdegiten da).
Gatazkak konpontzeko bi manera dituzte: artekaritza edo biltzar biribil berreraikitzaileak. Lehenari dagokionez, astero haur batek edo bik hartzen dute bitartekaritza lana egiteko ardura, eta norbaitek arazo bat badu, haiengana jo dezake, tartean direnen artean esku har dezan. Arazoak pertsona gehiago hartzen baditu, berriz, biltzar biribilaren bidez konpon daiteke. Kasu honetan, zenbait ikaslek batzuen eta besteen iritziak bildu, biltzarra antolatu, ideiak komunean ezarri eta, azkenean, denen artean adostasuna lortzen saiatzen dira.
Parte hartzea ardatz
Etxarteren arabera, “gure ikastolan, nehor ez da besteen gainetik, ezta helduok ere. Izan ere, Komunikazio Ez Bortitzean esan ohi da boterea besteekin batera dugula. Beraz, irakasle batek ez du botererik ikasleengan, baizik eta ikasleekin”. Hori dela eta, eskolako eta ikasgela bakoitzeko arauak elkarrekin adosten dituzte, elkarbizitza ikaskide guztien beharrei begira eratzeko. Horrez gain, proiektuka lan egiten dute, ikasleen intereseko gaiak hautatuz eta kolektiboki landuz. Proiektuen garapenean, gurasoek ere parte hartze aktiboa dute. Erraterako, Baserria gaiaren esparruan, baratzea eta oilategia sortu dituzte eskolan, zeinak gurasoen laguntzarekin kudeatuak diren.