Mintzoa argitaletxeak 40 urte daramatza euskal munduari buruzko liburu eta historia liburu zaharrak bilatzen, erosten eta saltzen, horien berri han eta hemen zabaltzen: “Harro egoteko moduko ondarea dugu, baina ez gara jabetzen dio Aritz Otazu arduradunak. Etienne Cleirac legelariaren Us et Costumes de la Mer tratatua bilatu eta erosi zuten, eta erakusleihoan kokatu ditu horrek. Ez alferrik, tratatuan jasotzen denez, euskal arrantzaleek esan baitzioten Colóni Ameriketara nola iritsi. Andoni Urbistondo. Argazkiak: Andoni Urbistondo.

Antsoaingo bulego xume batetik mundura. Hala dabil azken 12 urteetan Aritz Otazu iruinxemea, Mintzoa argitaletxearen arduraduna. Argitaletxeak 40 urte beteko ditu datorren urtean, eta ireki zutenetik 400 bat liburu argitaratu dituzte. Euskal munduaren gaineko liburuak edo historia liburu zaharrak bilatu, erosi eta erakusten dituztelako egin dira ezagun azken hilabeteetan, eta denbora dezente eman dute erakusleihoan. Arrazoia, Otazuren azken aurkikuntza: Etienne Cleirac legelari frantziarraren Us et Costumes de la Mer itsas tratatua.

Otazuk Parisen erosi zuen idatzia, eta, haren esanetan, euskal arrantzaleek esan zioten Cristobal Colón marinelari zein zen Ameriketara iristeko bidea. Tamaina honetako aurkikuntzak hautsak harrotu ditu, noski, eta politikak aurkikuntza historiko soil garrantzitsua dena zipriztindu du sare sozialetan. Otazuk ihes egiten dio polemikari: “Guk tratatua bilatu, zer jartzen zuen aztertu eta erosi egin genuen. Eta, ondoren, munduari erakutsi genion. Horixe baita Mintzoa argitaletxearen lehentasuna: euskal munduarekin edo historiarekin zerikusia duen oro munduratzea, munduari erakustea. Guk, edo jardun honetan gabiltzanok, badakigulako euskal munduak, euskal historiak, toki garrantzitsua duela nazioartean, baina euskal jendarteak ez. Harro egon behar dugu gure historiaz", Otazuren ustez.

Prestigio handiko legelari baten idatzia da, garaiko ezagunenetakoa bera, eta hark esaten zuena auzitan jartzeak ez duela zentzurik dio Otazuk. Bestela ere, euskaldunak, euskal arrantzaleak, Ternuara iritsi zirela dokumentatuta dagoela dio Otazuk, egun Kanadako eskualdea den horretan aizkorak agertu zirela, Euskal Herritik eramandakoak, edo Bilbotik eramandako burdinarekin egindako hainbat lanabes. Bertakoak eta euskaldunak elkar ulertzeko, halako pidgin edo lengoaia sinpleagoa ere sortu zuten, hangoen hizkuntza eta euskara uztartuz.

Otazuk armiarma sare eraginkorra osatu du hamarkada pasatxoan, eta hango eta hemengo feria eta liburu zaharren azoketan ibiltzen da atzerrian. Informazioa jaso, liburu hori bilatu eta, batzuetan, topatzen du. Ondoren, erosten saiatzen da, eta, lortzen badu, salmentan jartzen du. “Erakunde publikoei eskaintzen dizkiegu aurrena, herritar guztien begietara irits daitezen. Haiek erosi ezean bakarrik jotzen dugu salmenta pribatura, saltzea baino gure historia erakustea dugulako lehentasun. Hori lortzeko, denek eduki behar dute ikusteko aukera”. Mintzoa argitaletxeak poltsikoko liburu arruntak argitaratuz hartzen du arnasa, bere diru sarreren % 80 dira; gainerako % 20a euskal munduko liburu zaharrak salerosiz betetzen du.

Cleiracen tratatua lortu zuenean zirrara sentitu zuela aitortzen du Otazuk: “Aurkikuntza itzela izan zen. Eta berriro diot: arrazoiak ez dira ekonomikoak, historikoak baizik”. Ziur aski, horri esker lortu dute inoizko oihartzun mediatikorik handiena, baina ez omen da beren aurkikuntzarik garrantzitsuena. Otazuk dioenez, “apartekoena Lucio Marineo Siculo Espainiako Errege-erregina Katolikoen kronikariaren idatzia da. 1533an idatzitako kronika batean, euskarazko hitzak agertzen dira: ‘bat’, ‘bi’, ‘hiru’, eta ‘hombre’ euskaraz gizona dela ageri da. Euskarazko lehen liburua Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae da, 1545. urtekoa. Pentsa zein aurkikuntza garrantzitsua den!".

Otazu liburu tasatzailea da. Bezero partikularrek edo liburutegiek deitu, eta haien liburuak tasatzen ditu. Horretan, minutu bat eman dezake, edo ordu erdi, edo gehiago: “Hala denean, liburu arraroa topatu dugula esan genezake, begi bereziekin aztertu behar dena”. Liburuak tasatu ondoren interesa badu, eskaintza egiten dio jabeari, eta kontratu bitartez salerosketa prozesua burutzen dute. Gero, noski, salmentan jartzen ditu: “Bezero fidelak ditugu, 50-55 urte ingurukoak, liburu zaharrak ez direlako merkeak. Hego Amerikan, bezero multzo leiala dugu, euskal jatorria duten herritarrak, hain zuzen ere”.

Liburu zaharren salerosketan ez ezik, faksimileak saltzeko prozesuan ere jarduten dute Mintzoa argitaletxean. Faksimileak ondare nazional gisa hartzen diren liburuen kopia baimenduak dira, liburuok ezin direlako saldu; faksimileak notario aurreko baimenarekin egin daitezke: “Zazpi faksimile arras inportanteak egin eta argitaratu ditugu 40 urte hauetan: Nafarroako lehenengo Konstituzioa, 1174. urtekoa; Julio II.a Aita Santuaren 1513ko Bula Nafarroa inbaditzeko; Nafarroako Ohorezko Liburua… besteren artean". Ogibide interesgarria Otazurena, eta ezohikoa gure Euskal Herri txikian. Historia handiko Euskal Herria! 

Salneurri politak

Ziur liburu zahar batek, faksimile batek, zenbat balio duen galdetu diozula dagoeneko zeure buruari, irakurle. Otazuri Cleiracen lana zenbatean saldu duen itaundu diogu, baina ez du publiko egin nahi izan. “Faksimileak 1.000 eurotik gora ordain daitezke, eta enkanteren batean liburu zahar bategatik zazpi milioi euro ere ordaindu dira (Frantzisko I.a Frantziako Erregea zenaren Libro de horas delakoaren ale bat)”. Nafarroako presidente ohi Juan Cruz Allik 38 milioi pezeta (240.000 euro) ordaindu zituen Joanes Leizarragaren Gure Iaunaren Testamentu Berria liburuagatik. “Neuk tasatutako liburuen artean garestienak 130.000 euroko salneurria izan du”.



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.