Otsailaren 2an izan da liburuaren 100. urteurrena. Kontzientzia jarioaren teknika erabiltzen duen nobela hau oso zaila da ulertzeko, baina inork ez du sekula onartuko. Euskaraz ere irakur daiteke Ulises (Igela, 2015), Xabier Olarraren itzulpenari esker. Alessandro Ruta.

Irakurle ezin amorratuagoa naiz, baina onartu behar dut James Joyce idazle irlandarraren Ulysses ezin izan nuela bukatu. Hainbat aldiz saiatu banaiz ere, ez da egon modurik, horma baten kontra jotzea bezala izan da. Uste dut beste liburu pare batekin gertatu zaidala gauza bera, ez gehiagorekin.
Dena dela, kasu horietan nobelak erabat aspergarriak zirenez, uzteko arrazoia argia zen. Ulysses-en kasuan, ordea, oraindik ez dakit zergatik utzi izan dudan. Beharbada, irakurritakoarekin beteta nengoelako.
Jakina, errua ez da Joycerena; esate baterako, Dubliners asko gustatu zitzaidan, beharbada errazagoa delako (euskarara Irene Aldasorok ekarri zuen: Dublindarrak). Aldiz, Ulysses esku artean, kostata jarraitu nien Leopold Bloom-en paranoiei, haren emazte Molly Bloom-en gorabeherei eta Stephen Dedalus-en ametsei, pertsonaiek nobelan egun bakarrean bizi dituzten horiei.
Nolanahi ere, Ulysses-ek garrantzi nabarmena izan du, eta ez bakarrik literatura unibertsalean.
Stream of consciousness
Zorionez, estatistika batek lasaitu egin nau azken urteotan: Ulysses-ek fama handia du, jende askok aipatzen duelako irakurri duela, baina, egia esan, oso-oso gutxik leitu du benetan. Talde berezi horretan dago Joyceren liburua, Bibliarekin eta Lev Tolstoiren Voina i mir-ekin (Gerra eta bakea) batera. Bibliari dagokionez, tira, oso liburu berezia da. Errusiarraren nobela, berriz, amaiezina eta milaka pertsonaiaz betea. Hala ere, maisulana dela aitortu behar.
Ulysses-en kasuan, esapide magikoa Stream of consciousness edo kontzientzia jarioa da, barne bakarrizketa mota bat. Joycek tarteka erabiltzen zuen estiloa erabat “modan” jarri zen hurrengo hamarkadetan, edozein literaturatan. Nobelan, haren pertsonaiek iragazkirik gabe hitz egiten dute, gramatika gutxi errespetatuz, alegia.
Molly Bloom pertsonaiaren barne bakarrizketa da (Soliloquy, jatorrizko bertsioan) adibiderik garbiena: 4.391 hitzeko hitzaldian, Leopold Bloomen emaztea etenik eta puntuaziorik gabe mintzatzen da. Zeri buruz? Galdera ona. Egia esan, ez dauka zentzurik, baina, Marshall McLuhan filosofoak esango lukeen bezala, “medioa da mezua”.
Ulysses 1906an gertatuko ez balitz, ulertezina izango litzateke. Mollyk egiten duena, finean, psikoanalistaren kontsulta da, nahiz eta senarraren ondoan egon, eta ez bulego batean. Geu gara medikuak, baina baita, aldi berean, eriak ere. Izan ere, Molly bezalakoak izan gaitezke. Joyceren garaian, Sigmund Freuden ideiak Europa osoan zabaltzen ari ziren. Beraz, Ulysses ia psikoanalisiaren manifestua izan zela esan dezakegu, Freuden beraren saiakerak baino gehiago.
Idazle irlandarrak bere emazte Nora izan zuen inspirazio Molly pertsonaia sortzeko. Liburuaren azken kapitulua haren barne bakarrizketa da. Eleberriko unerik garrantzitsuena edo eraginkorrena, azken partean. Liburuaren barnean dagoen liburua izanda, Mollyren bakarrizketak aurreko orriak ahaztera garamatza. Hortaz, agian, hasieran aipatu dudan estatistika zuzena da.

Trieste

Irlandan jaioa (1882) eta Zurichen (Suitza) zendua 1941ean (han dago bere hilobia), Joyce munduko intelektualik europarrenetakoa izan zen. Parisen argitaratu zuen Ulysses, eta urte askoan Triesten bizi izan zen. Egun Italiako hiria dena Austriako Inperioaren barnean zegoen garai hartan.
Irlandako idazlearen bidea nahiko “modernoa” izan zen. Sendagilea izan nahi zuen, baina ez zuenez unibertsitatera joateko diru nahikorik, irakasle bihurtu zen. Bere lana nahiko prekarioa izan zen, Triesten bertan ustekabeko aukera bat sortu zitzaion arte: Aron Hector Schmitz izeneko pintura saltzaileak ingelesa ikasi beharra zuen, bere lana kanpoko merkatuetara zabaltzeko. Aisialdian, merkatariak nobelak idazten zituen, denbora pasa, besterik ez. Izen artistikoa Italo Svevo zuen. Italo, ama italiarra zuelako eta Svevo, aitaren aldeko jatorri alemaniarrarengatik. Nahasketa horrekin bere erroak omendu nahi zituen.
Eskoletan, Svevok esan zion Joyceri bera ere idazlea zela. Irlandarrak A Portrait of the Artist as a Young Man argitaratua zuen jada, eta Italoren lanak gainbegiratu zituen. Joyce ondo moldatzen zen italieraz, eta lagunari idazten jarraitzea aholkatu zion.
Egun, Triesteko kanalen auzoan Joyceri eskainitako monumentu bat dago: zutik, txapela buruan, betaurrekoak jantzita eta eskuak poltsikoetan ageri da. Hiri horretan bizimodu nahiko desorekatua izan zuen: dirurik gabe, tabernetan denbora asko pasatzen zuen, mozkortu arte, Nora emaztearekin batera. Azken batean, 25 urte baino ez zituen Joycek garai hartan.
Ziur aski, Triesten hasi zen Ulysses idazten eta, aditu askoren arabera, Leopold Bloom pertsonaiak Italo Svevoren ezaugarri fisiko eta psikologikoak ditu. Svevo, Joyceri esker, XX. mendeko idazle italiar ezagunenetakoa bihurtu zen; adibidez, La coscienza di Zeno (Zenoren kontzientzia) argitaratu ondoren. Nobela hori, Ulysses ez bezala, osorik irakurri dut .



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.