Duela 3.300 urte Sotillo trikuharrian, Arabako Errioxan, ehortzitako pertsona batengan izurri bubonikoa eragin dezakeen bakterioaren arrasto genetikoa aurkitu dute. Ikertzaileen ustez, mikroorganismo hori Kobre Arotik Burdin Arora arte egon zen zabalduta Eurasian. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.
Hortz batean zegoen gakoa, duela 3.300 urte Sotillo trikuharrian ehortzitako pertsona baten hortzean, zehazki. Iberiar Penintsulako izurri zaharrenaren aztarna aurkitu dute bertan: Yersinia pestis bakterioaren arrasto genetikoa, izurri bubonikoa eragin dezakeen bakterioarena, hain zuzen ere. Datua eman duen ikerlanak informazio deigarri gehiago eskaini du: bakterioa oso hedatuta zegoen garai hartan. Izan ere, Arabako Errioxan aurkitutako bakterioarekin parekotasuna duen beste mikroorganismo baten aztarna 4.000 kilometrora dago, Errusiako Samara eskualdean.
Yersinia pestis bakterioak eragindako gaixotasunek milioika pertsona hil dituzte historian. Europan, esaterako, XIV. mendean, izurri beltza eragin zuen mikroorganismoaren aldaera batek; hiru herritarretik bat hil zen, datu baikorrenen arabera. Baina bakterioa askoz lehenagotik zegoen Europan. PNAS aldizkarian argitaratutako ikerlanak Yersinia pestis bakterioaren aztarnak arakatu ditu Europan eta Asian, duela 5.000 eta 2.500 urte bitarteko epea hartuta. Bada, lan horren baitan egin dute Arabako aurkikuntza.
Aida Andrades Valtueña da aipatu ikerlana egin duen taldearen burua. Yersinia pestis bakterioaren arrastoak Neolito Aroaren amaieratik Burdin Arora arteko 252 gorputan bilatu dituzte, horien hortzetan, zehazki; hor, pertsonaren genomaz gain, izan zituen gaixotasunen aztarnak ere aurki daitezke. Aztarnok ikertzean, aipatu bakterioaren 17 genoma bereizi dituzte, eta mikroorganismoaren bi andui egon zirela ondorioztatu: horietako bat Arabako Errioxan eta Errusian aurkitutakoa da, eta gizakiak arkakusoen bitartez kutsatzen zituen, besteak ez bezala.
Ikertzaileen aburuz, bakterioaren lehen anduiaren bi aztarna bakarrik aurkitu dituzten arren, askoz zabalduago egon zen Europa osoan. Izan ere, Errusiakoa ez da askoz zaharragoa: 500 urte lehenagokoa da. Bigarren anduiaren kasuan, adituek ez dute argitu nola barreiatzen zen, geneak aztertzean ez dutelako aurkitu arkakusoen bitartez hedatzeko beharrezko ezaugarririk, baina Burdin Aroan desagertu zela ondorioztatu ahal izan dute.
Etorkizuneko ikerlanetan, gaixotasuna non gordetzen eta zeren bitartez hedatzen zen azaltzen saiatuko dira. Hori zehaztea “funtsezkotzat” jo dute bakterioa transmititzeko dinamikak ezagutu ahal izateko.
Hala eta guztiz ere, azterlanaren arabera, Yersinia pestis-en aipatu bi aldaerak garai berean bizi izan ziren. Modu “paraleloan”, gaineratu dute, lurralde eremu oso zabalean, “potentzialki txoko ekologiko desberdinak hartuta”.
Gizakien mugikortasunaren eragina
Azterlanak gogorarazi du gizakia ez dela bakterioaren gordelekua; beste animalia batek egiten du hori: karraskariak, Yersinia pestis-en kasuan. Gero, beste animalia batek egiten du horien eta gizakien arteko zubi lana: Araban eta Errusian, arkakusoak. Edonola ere, beste aldagai bat jarri dute mahai gainean: agian, gizakiaren mugikortasunak gaixotasuna zabaltzen lagundu zuen.
Hori pentsatzeko bi arrazoi aipatu dituzte ikertzaileek: batetik, duela 5.000 urte abeltzaintzak garrantzi handiagoa hartu zuela gizaki taldeen artean; bestetik, animaliek bultzatutako gurdien erabilera orokortzen hasi zela. Bi egoera horiei esker, elkarrengandik urrun zeuden komunitateak harremanetan sartu ziren. Are gehiago, nahiz eta abereak ere ez izan bakterioaren gordeleku, litekeena da beharbada bakterioa gordetzen zuen animaliaren eta pertsonen arteko zubi lana egin izana, ikertzaileen ustetan.
Esan bezala, Yersinia pestis bakterioaren aldaerek hainbat gaixotasun eragin ditzakete: izurri bubonikoa, izurri pneumonikoa eta izurri septizemikoa. Gaur egun ere izurriok badaude munduan, baina ez garai batean bezain hedatuta, eta ez dira hain larriak, sendabideei esker. Azken izurrietako bat 2017an gertatu zen, Madagaskarren. Mila pertsona baino gehiago gaixotu eta ehun inguru hil ziren.
Sotillo, Toloño mendilerroari begira
Leza eta Paganos herrien artean, Toloño mendilerroaren babespean, milaka urteko historia barnebiltzen duen aztarnategia dago: Sotillo. Trikuharri honetan, Kobre Aroan, Brontze Aroan eta Burdin Aroan egindako ehorzketak antzeman dituzte. Guztira, hamahiru gorpu topatu dira, askotariko materialarekin batera.
Domingo Fernández Medranok egin zuen lehenengo aurkikuntza, 1955. urtean. Indusketa lanak 1963. urtean hasi zituzten Fernándezek berak, Joxemiel Barandiaranek eta Juan María Apellánizek. Hilobi megalitikoak ganbera obalatua du, bederatzi lauzarekin mugatuta dago eta hiru metro inguruko diametroa dauka. Bertara heltzeko korridoreak lau lauza ditu, 0,60 metro zabal eta 1,30 metro garai direnak.