Luka Ricci Erromako Alde Zaharrean jaio zen, 1987an, eta bertan bizi da oraindik ere. Ez dira asko Erromako Alde Zaharrean jaio eta urteak aurrera joan ahala bizitza bertan egiten dutenak. Horrela kontatu ohi du berak Erroma Euskaraz izeneko bisita gidatuetan. “Donostian ere halako zerbait gertatzen ari da, ezta?”, galdetu du. Txomin L. Aramaio. Argazkia: Txomin L. Aramaio.
Ricci kritikoa da turismo masiboarekin, eta bere lanean turismo mota hori ez egiten eta ez bultzatzen saiatzen da, baita kuestionatzen ere. “Gidari turistikoa izatea ez da gauza txarra, nire ustez. Zure hiria saltzen ari zara, zure lekua... Txarra egungo turismo sistema da”, nabarmendu du. “Turismoaren alderdi txarrak azaleratzen ahalegintzen naiz nire azalpenetan, eta nire auzoaren eta inguruen nondik norakoak erromatarron ikuspuntutik zintzoki azaltzen”, gaineratu du. Ez du batere gustuko turismoak dakarren negozioa: “Negozio erraldoi horrek min egiten die auzoari eta hiriari. Nik ez dut horretan parte hartu nahi, baizik eta alderantziz”.
New Yorken, Parisen edo beste hainbat lekutan bezalaxe, turismoa arazo ikaragarria bihurtzen ari da Erroman. Turismo masiboak kalte handia eragiten du, Ricciren esanetan. “Hala ere, turismoa errealitatea denez, horren barruan zer egin daitekeen ikasi beharra dugu”, gehitu du. Bere auzoko ikuspuntu kritikoa ematen ahalegintzen da: “Ikuspegi hori helarazi nahi diot turistari. Gidari gehienek dirua irabazteko egiten dute lan. Akritikoak dira. Dirua eta kito”. Riccik, ordea, beste zerbait azaldu nahi du: “Historia, istorioak eta artea uztartzen ahalegintzen naiz, baina ez bakarrik turismo aldetik. Auzoko beharrizanak eta arazoak ere aipatzen ditut, etikarekin, kontzientziarekin”.
Euskara eta musika
Azalpen horiek guztiak euskara hutsean ematen ditu, gainera. Nolatan da posible Erromako Alde Zaharrean jaiotako batek euskaraz egitea bere lana? “Mundu global honetan, zerbitzu guzti-guztiak hizkuntza jakin batzuetan ematen dira ia beti. Ez hizkuntza gutxituetan. Buelta bat eman nahi nion horri eta Erroman euskararen alde zerbait egitea bururatu zitzaidan. Era horretan, hona datozen turista euskaldunei zerbitzua beren hizkuntzan ematen diet”, azaldu du.
Ricci Italiako hiriburuko ezkerreko ikasle mugimenduan militatzen hasi zen hamabost bat urterekin. “Garai hartan, nazioarteko egoerari zegokionez, Irlandak eta Euskal Herriak pisu handia zuten guretzat”, gogoratu du. Batetik, Euskal Herriko gatazka politikoaren gaineko interesa sortu zitzaion; bestetik, bere musika talde erreferenteak, Banda Bassotti-k, harreman estua zuen Euskal Herriko musika taldeekin. “Horrez gain, Italiako hainbat hiritan Euskal Lagunak izeneko taldea eratzen hasi zen, Euskal Herriari sostengua emateko, eta hara hurbiltzen hasi nintzen”. 2007an egin zuen lehen bidaia Euskal Herrira eta, harrezkero, urtero bueltatzen da. “Oporrak igaro bai, baina euskara apur bat ezagutu ere egin nahi nuen. Lehentasuna zuen niretzat euskarak, eta urtean pare bat bidaia egiten hasi nintzen. Urteren batean, baita zazpi ere”.
Harreman estua sortu zen Ricciren eta Euskal Herriaren artean, eta azken pausoa egitea falta zitzaion: “Duela hamar urte, bertara bizitzera joan nintzen zortzi hilabetez, eta joan aurretik zer edo zer, berba eta esaldi batzuk, euskaraz ikastea erabaki nuen. Heldu nintzenean, liburu batzuk erosi, eta gehiago ikasten jarraitu nuen: goizez ikasi egiten nuen eta arratsaldez euskaraz hitz egitera ateratzen nintzen”. Hemengo harreman guztiak euskaraz egin zituen eta denbora gutxian euskara bereganatu zuen.
Gaur egun ere hiru edo lau aldiz bueltatzen da urtero eta, lagunak bisitatzeaz gain, kontzertuen agenda apuntatuta eroaten du. Musikazale amorratua bera, harreman estua sortu du hemengo talde batzuekin, Mc Onak lekeitiarrarekin eta Brigade Locorekin, esate baterako. Hala, Euskal Herriko taldeak Erromara eramaten ahalegintzen da: “urtean behin bada ere, hemengo gaztetxeetan zer edo zer antolatzen dut euskal taldeekin”.
SAN CALISTO TABERNA
Erromako Alde Zaharreko Trastevere auzoan dago San Calisto. Eta Riccik bertara eramaten ditu bisitari guztiak. “Bada pixka bat turistikoa, baina jabeek eta langileek harremana dute auzokideekin. Barrikada bat bezalakoa da Calisto”. Euskaldunak elkartzeko taberna ere bada. Horren erakusgarri, hainbat euskal futbol talderen ikurrak ikus daitezke botilen ondoan. “Geratzen diren leku jator bakarrenetakoa da. Urtetik urtera, gero eta gutxiago daude. Guk ezagututako Erromaren esentzia galtzen ari da”, dio. Ricciren ustez, parke tematikoa da orain Erroma: “Denda eta taberna gehienak turistentzat dira. Guretzat ez dago ezer jada. Gure auzoan arrotzak gara”.
