Arabako kuadrilla horretako informazioa zabaltzeko asmoarekin jaio zen Mendialdea Radio, 2020ko irailean. Aldundiak berrikuntza sozialean egindako ekarpenagatik saritu berri du. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.

Ehun saio betetzear da Mendialdea Radio. Arabako Mendialdeko herritarrek egindako ehun saio, Arabako kuadrilla horretako gaiei buruz hitz eginez, bertako biztanleentzat. Baita mundu osoarentzat ere. Izan ere, saioak edonork entzun ditzake, Interneten eskuragai baitaude. Podcast formatuan zabaltzen dituzte, herritar guztiek nahi bezala disfruta ditzaten. Bada, Arabako Foru Aldundiak lan hori saritu berri du, berekin dakarren berrikuntza soziala dela eta.
Hedabidea sortzeko asmoaren atzean ideia bat egon da, hasieratik bertatik: hiriaren eta landa eremuaren artean dagoen “arrakala kontzeptuala” gainditzea. Hala hausnartu du Aritz Ibañezek, proiektuko kideak. Haren ustez, hiritarra eta herritarra kontzeptuak ez daude maila berean. “Landa eremuan bizitzeak ez du esan nahi lehen sektorean lan egin behar dugunik, ezta turismoan ere”. Horren atzean ideia hau dagoela uste du: herrien zioa hiriei zerbitzuak eskaintzea da. Ideia okerra dela nabarmendu du, eta guztiek behar eta asmo berak partekatzen dituztela zehaztu. “Landa eremuan, sorkuntzaz ere bizi naiteke, arkitektoa izanez, ingeniaritzan arituz edo laborategi batean lan eginez; zergatik ezin da hala izan?”.
“Arrakala kontzeptual” hori gainditzeko jaio zen Mendialdea Radio, herrien gaineko ikuspuntua aldatzeko, bai hiriek herriekiko dutena bai landa eremuko biztanleek hiriak ikusten dituzten modua ere. Helburu hori lortzeko, kultura hartu du ardatz Mendialdea Radiok. “Proiektua hasi genuenok argi genuen kultura dela pertsonen eta komunitateen askatasunerako giltzarria, ahalduntzeko giltzarria”.
Proiektua edukiz janzteko, eskualdeko eragileengana jo zuten. Haien artean sarea sortzea zuten helburu. “Eragileak gauzak egiten ari ziren, baina ez zuten harreman handirik elkarren artean” azaldu du Ibañezek. Horiek guztiak bateratzeko topalekua irratia izan zitekeela ondorioztatu zuten. Horrela, Mendialdea Musika Elkarteko kideak batu ziren proiektura, Mendialdea Music Festibalaren antolatzaileak, hain zuzen ere. Arratiandi Kultur Elkarteak ere bat egin zuen, AtauriArt kale antzerki, zirku eta clown jaialdiaren antolatzaileetako bat denak. Gerora, Mendialdea Ikastetxe Publiko Integrala batu zitzaien. “Bagenekien guztiek talentua zutela, eta ez zen zaila izan proiektura gehitzea”.
Estudioa, bi motxilatan
Mendialdea Radioren estudioa bi motxilatan joaten da saioa egingo den lekura. Hasieran, egoitza finkoa izan zuten, Bernedon, Udalak utzitako gela batean. Bertan elkartzen ziren Ibañez, Miguel Garces eta Marta Mas, Thusia Fikzio Sortzaileen Kooperatibako kideak. Hirurek abiatu zuten egitasmoa. Hasierako bazkidetza apurtu ondoren, Ibañezek jarraitu du aurrera proiektuarekin. “Bideak banandu genituen arren, ateak parez pare irekita dituzte, Mendialdea Radio komunitatea hartzeko proiektua baita” dio Ibañezek.
Irrati mugikorraren ideia ondo egokitzen zaio Arabako Mendialdearen izaerari. Kuadrilla hau Arabako bigarren handiena da, baina populazio dentsitate txikiena dutenetako bat. Mendebaldetik, Urizaharretik, ekialdera, Kontrastara, heltzeko 50 kilometro baino gehiago daude. Hori dela eta, leku finko bat izatea oztopoa izan daitekeela pentsatzen du Ibañezek. “Pertsona bat edonora mugitzeak zentzu handiagoa du pertsona asko estudio batera joateak baino”.
Podcastaren bitartez, Mendialdeko hedabideen puzzlea osatu da. Duela hiru hamarkadatik, Mendialdea Press izeneko aldizkaria argitaratzen dute eskualdean, Oscar Anzuola kazetariaren zuzendaritzapean, lau aldiz urtean. Gaur egungo gizarteko informazio jario biziari erantzuteko, web atari bat abiarazi zuten: mendialdea.info. Mendialdea Radio haren hirugarren pieza da. Are gehiago, bidea ireki du Arabako beste kuadrillentzat. Hedabide komunitarioaren ideia gainerako eskualdeetan aurkeztu du, eta badirudi hainbatetan sustraitu egingo dela. Bertako informazioa, bertakoek egina, bertakoentzat. Eta hortik mundu osora.

Euskara, erronka
Euskarak leku garrantzitsua izan behar zuela hausnartu zuten sortzaileek, hasiera-hasieratik. Gogoetak bere horretan jarraitzen duela berretsi dute, baina eskualdeko errealitate linguistikotik “apur bat urrun” dagoela ondorioztatuta, hiru urte eta gero. “Euskararen erabilera indartzeko ideia badugu, baina errealitateak beste nonbait kokatu gaitu” azaldu du Ibañezek.
Mendialdea Ikastetxe Publiko Integraleko DBHko ikasleek egiten duten saioa euskara hutsean da. Magazinean, euskara ere erabiltzen dute, gaztelaniarekin tartekatuta, elkarrizketak egiteko, agendaren berri emateko… Beste saioetan ere horrela egiten saiatzen dira, nahiz eta aipatu errealitateak eragina izan, saioak egiten dituzten pertsonek euskaraz “eroso” komunikatzeko zailtasunak izatea, adibidez. “Komunitatea lehenesten dugu, eta horrek muga batzuk jarri dizkigu”.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.