Horixe da 59. Durangoko Azokaren leloa. Euskal kulturan, irakurle, entzule, ikusle... izatea idazle, musikari edo antzezle izatea bezain garrantzitsua dela azpimarratu dute antolatzaileek. Dei berezia egin diete zaleei, “kultur sistema osasuntsurako ezinbestekoak direlako”. Azokan bilduko dira, abenduaren 5etik 8ra, kultura bizi eta zaindu nahi duten sortzaileak, argitaletxeetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Bertan, 274 erakusmahai, 933 kultur nobedade eta 200 ekitaldi. M. Egimendi.

LANDAKO GUNEA da Azokaren bihotza. Hantxe dago TALAIA gunea: urtero legez, Euskadi Literatura saridunekin egingo den solasaldiaz gozatzeko tokia izango da, eta bertan aurkeztuko da 2025eko Euskaraldiaren kantua ere. Haatik, 59. Azokako egitaraua beste hainbat gunetara hedatuko da. Durangoko Museoan, adibidez, Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai, eta bisita gidatuak antolatuko dira; omenaldia ere egingo diote, abenduaren 7an, artista bermeotarrari, Landako Guneko areto nagusian.
AHOTSENEA izaten da jende gehien mugitzen duten guneetako bat. Aurten, 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira han, eta plazara lehen aldiz agertuko direnekin batera ariko dira euskaraz sortzen urteak daramatzaten idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean egongo da, parkeko eremuan; Ahotsenea Musika, PLATERUENA Kultur Aterpean.
IRUDIENEA guneko egitaraua Zugaza zinema aretoan gauzatuko da. Euskarazko zinemagintzaren plaza horretan, 40 lan eskainiko dira: Irabazi arte telesaila estreinatuko da umeentzat; hainbat gazte zinegileren lanak ikusi ahalko dira, Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, kasu; eta Itoiz, udako sesioak dokumentalaren aurrerapena aurkeztuko dute egileek. Arte eszenikoen SZENATOKIA esparruan, San Agustin Kultur Gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzezlanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako batzuk sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla, Las Paralelas konpainiaren Odola pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak lana, esaterako.
Umeek ere badute beren tokia Azokan, jakina, Elkartegiko SAGUGANBARA eremuan. Haiei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira txoko horretan: aurkezpenak, irakurketak, tailerrak… Nobedadeen artean, Julian Rodriguezek gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du. Eta abenduaren 6an Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira, egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.
Egitarau osoa www.durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu ahal izango da, egunero eta eguneratuta.

AIZU!-AEKren eskaintza

AIZU!-AEKk ez dio hutsik egingo Durangoko urteroko hitzorduari8. Aurten, helbide honetan izango du erakusmahaia Landako Gunean: Goenkale, 34. AIZU!k aurten argitaratu dituen zenbaki guztiak egongo dira bertan, baita harpidetza egiteko eskaintza berezia ere, Durangoko Azokan bakarrik egiten dena. Horrez gain, 2025eko egutegi polita ere prestatu da. Eta ezin ahaztu iazko edizioan sekulako arrakasta izan zuen Ez da hain fazila denbora-pasen bilduma. Lehen egunetan agortu eta bisitari asko geratu zirenez lortu ezinik, aurten 2. edizioa kaleratzea erabaki du AIZU!k: letra zopak, hiztegi eroak, hitz gezidunak eta gurutzatuak, atsotitzak, sinonimoak, logika jokoak, hitz kateak, lauki lerroak... ariketa jostagarriz betetako ia 100 orrialde buruari euskaraz eragiteko.  

Arbaso artisau azoka

Euskal Denda ere izango da Durangon abenduaren 5etik 8ra. Arbaso Euskal Herriko Artisautza Elkarteak antolatuta, 28. edizioa izango du aurtengoa, eta 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era egongo da zabalik, Durangoko Azoka Plazan. Urtero bezala, Euskal Herriko Artisautzaren Azokan askotariko euskal produktuak izango dira ikusgai eta erosgai, denon eskura.

492diskoak

492liburuak


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.