"Idatzi dut amaiera. Orain, badaukat hiltzea". 1922ko azaroaren 18an, goizaldeko hirurak aldera, Marcel Proustek bere maisulana, Denbora galduaren bila (jatorriz, À la recherche du temps perdu) bukatu eta ordu batzuk geroago hil zen. 51 urte bakarrik zituen, baina denboraren kontrako bere lasterketa irabazi zuen. Ordutik mende bat igaro den honetan, Prousten ekarpena oroitu nahi dugu. Euskaraz ere irakur daiteke Prousten maisulana, baina ez osorik, obra osatzen duten zazpi liburuetatik bakarra dagoelako euskara batura ekarria: Denbora galduaren bila (I) – Swann-enetik (Alberdania, 2010), Joxe Austin Arrieta Ugartetxeak itzulia. Jean Baptiste Orpustan euskaltzainak ere zenbait liburuki itzuli zituen, baina ez euskara batura. Alessandro Ruta.

Bihotzeko aldizkakotasunak
Denbora galduaren bila makroeleberriak, esan bezala, zazpi liburuki dauzka. Luzeraren errekorra ere badu: 9.6 milioi karaktere. Proust gutxi gorabehera 1907an hasi zen bere lan erraldoia idazten. Adituak ez daude erabat ziur. Izan ere, ordurako Proustek bazuen zirriborroren bat prest, Contre Sainte-Beuve saiakera, esate baterako. Dena den, hasieran, La recherche-ren benetako izenburuak Les intermittences du coeur (Bihotzeko aldizkakotasunak) izan behar zuen. Proustek bihotzeko aldizkakotasunak izendatutako horiek iraganeko oroitzapenak, iraganeko denbora, berreskuratzeko tresnak dira. Sodome et Gomorrhe-n, La récherche-ren 4. liburuan, oso ondo azalduta dago.

Madalena
Prousten ustez, oroimena nahi gabe piztu behar da, ezusteko zerbaiti esker, aldizkakotasunak aktibatzeko. Horren adibide, La recherche-ko unerik ezagunena eta literaturaren munduan ezagunenetakoa: madalenarena. Oroimenaren sinonimo bihurtu da ia madalena, baina, egia esan, opila besterik ez da. Narrazio osoa eragiten duen palanka da opil hori. Liburuko protagonista tea dastatzen ari da amarekin batera, eta katiluan madalena zati bat sartu du. Opila jan eta gero bat-bateko gozamena sentitzen du, haurtzaroa gogorarazi diolako, izeko Leonierekin tea hartzen zueneko unea. Usaina eta zaporea berdinak dira, sentsazioa ere bai: bultzada sentimental horri esker, orain Marcel joan daiteke denbora galduaren bila.

Combray
Eleberriko protagonista Pariskoa da. Hala ere, Combray oso leku garrantzitsua da, oporrak igarotzen dituen lekua. Han bizi da izeko Leonie, eta, batez ere, Swann eta Guermantes familiak. Sinbolikoak dira biak: Swann pertsona esnoba da; Guermantes, aldiz, noblea. Swann jauna eta haren familia oso garrantzitsuak dira eleberrian. Hala, Du cote de chez Swann izenburuko lehen liburukian koprotagonistak dira. Dena den, Proustek ez zuen ezer asmatu, Combray benetan existitzen baitzen: bere aitaren familia bertan bizi zen. Zehazki, Illiers izeneko leku batean, Paristik hegoalderantz 120 kilometrora, Eure-et-Loire lurraldean. Gaur egun, hiritxo hori Illiers-Combray da, eta La recherche-rekin lotura asko ditu, Izeko Leonieren Museoa, esaterako.

Zinema
La recherche irakurtzea esperientzia paregabea da. Proustek estilo berezia du, gainera, eta ia ezinezkoa da laburpena egitea. Hitz gutxitan: nolabait, krisian dagoen gizon batek (idazlea bera, hain zuzen ere) bere arazo pertsonalak gainditu nahi ditu. Nola? Iraganeko oroimenei esker, baina, aldi berean, bere garaiko gizartea ikertuz, guztiz aldatzen ari delako. Emaitza bizitzari buruzko etengabeko hausnarketa da. Azkenean, krisialditik eleberri bat idatziz aterako da.
Beste maisulan batek antzekotasun pilo bat dauka Prousten idazlanarekin: Federico Felliniren 8 1/2 filma. Kasu honetan, zinemagilea dago krisian, eta film bati esker, zer eta 8 1/2 berari esker, gaindituko du.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.