Sei hamarkada eta gero Benito Lertxundi paregabeak “nahikoa da” esan du. “Jainkoa hil da, Karl Marx hil da eta ni ere ez naiz oso ondo sentitzen”, aipatu zuen Eugène Ionesco idazleak; guk esaldi horri “eta Benito Lertxundik erretiroa hartu du” gehituko genioke. Euskal Herriko ahotsik indartsuenetakoak albo batera egin du, sekulako ibilbide artistikoa ondu ondoren eta abesti ahaztezin franko utzita: Baldorba, Udazken koloretan, Oi ama Euskal Herri, Loretxoa, Bizkaia maite... Alessandro Ruta.
Orio
Nondik hasi? Etxetik onena. Orioko bardoa izan da Benito Lertxundiren ezizena, kostaldeko herri horretan jaio zelako, jakina. Eta bardoa, nola ez, hitz magikoa: zelten garaian, herriari buruzko kantak abesten zituztenak ziren bardoak. Ia sakratua zen norbait, pixkanaka-pixkanaka aro modernoan desagertu egingo zena. Benito bere familiako 9. haurra zen; beste familia askotan bezala, musika tradizioa zuten, baina ez sakona. Orion zituen sustraiak, eta bertan lan egiten zuen, erloju denda batean: agian, hortxe erein zen, etenik gabeko tik-tak soinua entzunaren entzunez, Benitoren trebezia. Batez ere, erloju dendaren jabe Martin Lizasok laute bat oparitu zionean. Denda hartan trebatzen zen Benito Lertxundi, ireki aurretik, kanpoko artisten arrakastak imitatuz.
Ez Dok Amairu
“Mikel Laboak telefonoz deitu zidan, Kataluniako kantarien mugimendu baten berri emateko. Euskal Herrian ere halako zerbait egiteko asmoa omen zuten zenbait musikarik”. Modu hain erraz horretan hasi zen Benito Lertxundiren eta Ez Dok Amairu mugimendu abangoardistaren arteko harremana. “Kursaaleko zinema zaharreko bodega edo trastelekuan bildu ginen. Dena zegoen trastez beteta. Mahai zaharrak, kaxak, arratoiak ere izango ziren... Oso jende berezia elkartu zen”, oroitu zuen Orioko artistak aspaldiko elkarrizketa batean. Ez dok amairu Benitoren disko bat ere izan zen, 1971n argitaratua; ziur aski, talde abangoardistari egindako omenaldia. Besteak beste, Zenbat gera eta Urak dakarrena abestiak zituen.
Baldorba
Lerrook idatzi bitartean, YouTuben bistaratze gehien dituen Benito Lertxundiren abestia Baldorba da (2,5 milioi inguru). Juan Antonio Urbeltzek idatzitako hitzekin, hasiera ahaztezina da: “Ezkil gabeko elizen / eremu emankorra / giza murzuriko / zure ardientzat”. Kantaren hitzak ereserki bilakatu dira. Baldorba sinekdoke bat da. Izan ere, hitz batek zerbait handiagoa, zerbait orokorra, ordezkatzen du. Arimako leku bat da, kasu honetan, Baldorba. Baldorba Orbaibar da euskaraz ofizialki, Nafarroko harana, baina Benitoren ikuspuntutik, ahaztutako zerbait da. Ahantzia bezain polita, bertan harribitxi piloa topa daitekeelako. Baldorba Euskal Herria da? Euskal Herria Baldorba da? Lertxundiren kanta guztiak bereziak badira ere, hau are bereziagoa.
Internazionala
Benito Lertxundi Euskal Herriko artista izan da, zalantzarik gabe, baina hainbat kolaborazio interesgarri izan ditu zenbait musikari atzerritarrekin. Bidaia asko egin ditu antzeko beste mundu batzuk ezagutzeko, Bretainiara (Alan Stivell kantautore eta harpa-jotzaile mitikoarekin, adibidez), Irlandara... Italiako Antonio Breschi konpositorearekin ere egin zuen lan. Kolaborazio bakoitza aukera bat izan da musika tresna ezezagun baten soinua ezagutzeko edo bestelako mundu bat ulertzeko. Oro har, Lertxundiren lanak nazioarteko arnasa dauka, betiere Euskal Herriaren arimari eutsita. Are gehiago, Benitok munduko arima asko euskaratu ditu.