Aurten, 125 urte beteko dira Oscar Wilde idazle irlandarra hil zela. Literatura modernoaren aitzindarietako bat izan zen; aditu askoren ustez, historiako onenetakoa. Arlo asko jorratu arren (poesia, antzerkigintza, saiakera, ipuingintza, kazetaritza...), nobela bakarra idatzi zuen: The Picture of Dorian Gray (1891). Dublin hiriburuan eta Enniskillen-en (Fermanagh konderria) ospatuko dute, batez ere, urtemuga. M. Egimendi.
Gazte garaia
Oscar Wilde goi mailako familia batean jaio zen, Dublinen, 1854an. Lehen ikasketak etxean egin ostean, 10 urterekin Enniskillengo Portora Royal School-era bidali zuten. 1871n, Dublinera itzuli zen, Trinity College-n autore klasikoak ikastera. Oxfordeko Magdalen College-n lizentziatu zen, 1878an, nota onenarekin. Londresko giro intelektual eta sozialean murgildu zen orduan, eta han ezagutu zuen bere emaztea izango zena: Constance Lloyd. 1884an ezkondu, eta bi seme izan zituzten. Eroso bizi izan ziren hasieran, emaztearen doteari esker eta bera idazle eta literatur kritikari arrakastatsua zelako ordurako. Wildek, ordea, ez zuen bere homosexualitatea ezkutatu eta maitale zuen Alfred Douglasen aitak sodomia leporatu zion jendaurrean.
Epaiketa eta erbestea
Liskarra epaitegian bukatu zen. Epaiketa oso sonatua izan zen 1895eko gizarte puritanoan: prentsa eta iritzi publikoa kontra izan zituen, eta bi urteko kondena ezarri zioten idazleari. Kartzelako baldintzak oso gogorrak izan ziren: isolatuta eduki zuten eta bere osasunak okerrera egin zuen nabarmen. 1897an irten zenean, Frantziara erbesteratu behar izan zuen, Londresen inork ez zuelako berarekin harremanik izan nahi. Lagun askok arbuiatu egin zuten, etengabe eskatzen zielako dirua eta Parisko kaleetan dozenaka maitale gazterekin agertzen zelako. Espetxean ardurarik gabe tratatutako belarriko infekzio batek meningitisa eragin zion eta haren ondorioz hil zen, erbestean, 1900eko azaroaren 30ean.
Wilde euskaraz
Oscar Wilderen lan asko euskaratu dira, baina bi aipatuko ditugu hemen. Batetik, idazle irlandarraren nobela bakarra Aitor Arana Luzuriagak itzuli zuen, oso modu askean: Dorian Grayren egiazko erretratua (Txalaparta, 2011). Armairu barruan idatzitako eleberri gay honek betiko gaztetasunaren gaineko gogoeta egiten du. Baina Wilderen garaiko gizartea oraingoa izan balitz, nola idatziko zukeen idazleak? Aranak jolas hori proposatzen du bere liburuan. Bestetik, Ernesto izatearen garrantzia izena jarri zion Maskarada antzerki taldeak Wilderen The Importance of Being Earnest lanari. Patxo Telleriak itzuli eta egokituta, Oscar Panerak zuzendu zuen; 1994an estreinatu zen Barakaldon, Asier Ormaza eta Jokin Oregi protagonista nagusi zirela.
Omenaldi ekitaldiak
Dublingo Trinity Collegeko liburutegian dagoeneko ikusgai dago From Decadence to Despair erakusketa; martxoaren 7an, berriz, MoLI Literaturaren Museoan De Profundis erakusketa inauguratuko da, izen bereko maitasun gutun ospetsuan oinarritua (erakusketak LGBTQ+ artisten eta aktibisten ahotsa izango du). MoLIn bertan eskainiko da, udako igandeetan, Work is the Curse of the Drinking Classes antzezlana. Neil Titleyk zuzendua, Will Govan aktorea du protagonista, eta 1898ko Parisen kokatzen du Wilde erbesteratua. Dublingo omenaldiek urrian jarraituko dute Oscariana jaialdiarekin eta idazlearen bizitzako toki garrantzitsuenak zeharkatuko dituzten oinezko ibilbideekin. Eta, urriaren 16tik 20ra, In Our Dreams jaialdia ospatuko da Enniskillen.