Ortzaizeko Arranoak futbol taldea ez da futbol talde arrunta. Kiroltasuna, adiskidetasuna eta euskara ditu ardatz, eta azken urteetan, bereziki, euskal mintzoaren arnasgune bilakatu da Ipar Euskal Herriko kirol munduan. Horrek fama berezia eman dio talde baxenabartar honi. Inhar Iraizotz. Argazkia: Arranoak futbol taldea.
Ipar Euskal Herrian osoki euskaraz funtzionatzen duen futbol talde bakarra da Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) Arranoak kluba. 1981ean sortua, 2018az geroztik jokalari eta trebatzaile belaunaldi berriek bestelako izaera eman diote sorterriko mugak gainditu dituen klubari. Bi senior talde dituzte: bata hamaika jokalarikoa da, eta Frantziako Departamental 2 mailan jokatzen du; bestea, zazpi jokalarikoa, gehiago dago aisialdira bideratua. Lehen taldea Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko hainbat talderekin lehiatzen da, besteren artean Baionakoaren, Donibane Garazikoaren, Maulekoaren, Hazparnekoaren eta Donapaleukoaren kontra. Gaur egun, gainera, sailkapeneko lehen taldeen artean da, eta iaz distrituko kopako finala irabazi zuen.
Talde txikia, baina bizia
Hamazazpi eta hogeita hamar urte arteko jokalariak dira, eta haiek dira Arranoak futbol taldeko kudeatzaile eta laguntzaile bakarrak. Kluba baino gehiago, elkartea direla dio Txomin Pebet (Ortzaize, 1999) jokalariak: “Guk dugu taldea osoki biziarazten; erraterako, guhaurrek irauli, landatu eta trazatu genuen eskuz esku gure futbol zelaia”. Jokalarietako anitz elkarte munduan, laborantzan eta/edo kulturgintzan engaiatuak dira, eta ez da beti erraza entrenamendu orotan parte hartzea. Igandeetako partidak, aldiz, “sakratuak dira”. Baita euskara ere. Izan ere, Arranoak bere euskaltzaletasunagatik da ezaguna, batik bat. Unai Perez (Senpere, 2000) lapurtarrak Ortzaizeko klubeko giroak erakarririk egin zuen jauzia bertara: “Nire herriko taldean jokatzen nuen garaian, Arranoaken kontra lehiatzen ginen. Jokalariei euskaraz mintzatzen entzuten nien, eta elkar sostengatzen ikusten nituen. Haien kontra lehiatuz sortu zitzaidan beren taldean jokatzeko gogoa”. Perezek dioenez, Arranoakekoek zelaian duten jarrerak eragina du aurkariengan: “Zelaian jokoan ari garela, euskaraz solastatzen gara, eta anitzetan ohartu gara horri esker kontrako taldean diren euskal hiztunak aktibatzen ditugula”. Bistan denez, futbol talde ortzaiztarrak bere zaletu taldea du, harmailetako giroa pizteaz arduratzen dena. Pebeten hitzetan, “kantu eta oihu guztiak bilduz gero, kantu liburuxka bat egin liteke”.
Euskalduntasunean, txapeldun
Horren ondorioz, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hainbat herritako gazte euskaldunak Ortzaizeko futbol klubera hurbildu dira. Izan ere, euskal pilota elkarteetatik kanpo, kirol mundua erabat erdalduna da Ipar Euskal Herrian. “Beraz, bai, erran genezake Arranoak euskaldunon oasi bat dela, euskararen arnasgune bat”. Hala deritzo Oier Urreizti (Bidarrai, 2000) jokalari baxenabartarrak. Talde espiritua eta lagunarteko giroa nagusitzen dira taldean, eta, Urreiztiren hitzetan, “euskal munduarekin loturarik ez zuten hainbat pertsonak futbola izan dute lehen kontaktua euskararekin”. Are gehiago, jokalarien artean badira etorkinak aterpetzen dituzten zenbait familia, eta gazte etorkin horietako batzuk taldean integratu dituzte: “Taldea erabat irekia da euskaldun ez direnentzat ere, baina denek onartzen dute euskaraz funtzionatzen dugula, bai entrenamenduetan bai zelaian bai lagunartean”.
Futbolean ere euskal hizkuntzaren erabilera bultzatzeko, 2021etik Euskara, jalgi hadi plazara! txapelketa antolatzen da Lezaman (Bizkaia), Bilboko Athleticek bertan duen zelaian. Arranoak taldeak edizio orotan hartu du parte, Ipar Euskal Herriko ordezkari gisara, Nafarroako Union Tutera, Gipuzkoako Zestoa KB eta Bizkaiko Hamabi Futbol Klub taldeekin batera, besteren artean. Txapelketa horretan, partida gehien irabazten dituen taldea ez ezik, euskara gehien baliatzen duena ere saritua da. “Guk bi aldiz irabazi dugu euskara gehien erabiltzen duen taldearen saria” dio Urreiztik.
ATE: portería (es), cage (fr).
ATEZAIN: portero, -a (es), gardien, -ienne (fr).
GELDIKETA: parada (es), parade (fr).
GOLA EGIN/SARTU: marcar un gol, marquer un but (fr).
GOL EDER: golazo (es), beau but (fr).
GOL FESTA/GOL ZAPARRADA: goleada (es), victoire écrasante (fr).
DRIBLATU: izkin egin.
JAURTI: chutar (es), tirer (fr).
TIRO/JAURTIKETA: chute (es), lancer (fr).