HITZ EKIN (Sustrai Colina)
HITZ EKIN, HITZ EKIN, HITZ EKIN, HITZ EKIN...
Oinetakoak lotu, ta utzi oinei libre
belarretan ortozik bilakatzen bide.
Mapetatik harago mundu asko dago,
sentitutakoa, sentitu ta HITZ EKIN.
Ta berriro egin Korrika zurekin
arantzak erauzteko elkarren ederrez.
Ta berriro egin mundua zurekin...
Euripean kantari ibiltzen ikasi
ez egon atertu zain, ta korrika hasi.
Berdin da non hasten den, orain beti da hemen.
Pentsatutakoa, pentsatu ta HITZ EKIN.
Ta berriro egin Korrika zurekin
arantzak erauzteko elkarren ederrez.
Ta berriro egin mundua zurekin
beti baitago norbait hitz ekiteko prest.
HITZ EKIN, HITZ EKIN, HITZ EKIN, HITZ EKIN...
Neguko eguzkitan erantzi azala;
beti ziur dagonak duda sor dezala.
Bizitza jendea da, ta jendea gara.
Sentitu, pentsatu... Sentitu, pentsatu HITZ EKIN!
HITZ EKIN, HITZ EKIN, HITZ EKIN, ZUREKIN...
HITZ EKIN, HITZ EKIN, HITZ EKIN, ZUREKIN...
HITZ EKIN.
Nerea Urbizu musikariak eman die Sustrai Colinaren hitzei pop kutsua. Abestu ere egin du 22. Korrikaren kanta, Anarirekin eta Ane Garciarekin batera. Ez zuen zalantza handirik izan enkargua onartzeko, are gutxiago "omenduak Pirritx, Porrotx eta Marimotots izanik". Proposamen hau jasotzea "edozein euskal musikariren ametsa eta ohorea" omen da, baina baita "ardura" ere: "Badakizu euskal komunitate osoa zain eta entzuteko gogoz egongo dela, eta kritiketarako leiho asko zabal daitezkeela, baina niretzat oparia izan da, barru-barrutik atera zaidan kantua".
Urbizuren esanetan, "abestiak oso presente du pasatu dugun eta oraindik ere bizi dugun garai zoro hau. Horregatik, zaila izan da abestiaren norabidea zehaztea eta hainbat erabaki hartzea". "Emozionala eta soziala, baikorra eta ausarta" dela dio: "Adin desberdinetako hiru emakumek abesten dute, hirurak ere gure helduen eta gure txikien sostengu, bitartekari eta mezulari". Era berean "hainbat interpretaziorako bidea" ere ematen du: "Bizitzari egindako kantua da, eta balio garrantzitsuak bultzatzen ditu: ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea, beldurrak gainditzea... Ekiteko giltza asko ditu".
Omenaldiaren aurrekoak
Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak aukeratu zituen 22. edizioko omenduak izateko. Ondo merezitako omenaldia, Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek 34 urte daramatzatelako Euskal Herriko txokoak hitzekin alaitzen eta euskararen transmisioan laguntzen, gurasoengandik umeengana eta umeengandik gurasoengana. Baina nola antolatzen da horrelako omenaldi bat? Hona hemen, argazkitan eta hitz gutxitan azalduta, omenaldiaren lehen urratsak.
1.
AEKren koordinatzaile nagusi Alizia Ibirarrenek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen etxera deitu zuen, 22. Korrikak omendu egingo zituela esateko.
2.
Marimototsek jaso zuen deia, eta pozarren kontatu zien berria lagunei. Une hartan, Porrotx zapatak garbitzen ari zen. Olentzerori jartzeko? Hori ezin izan dugu jakin...
3.
Alizia Iribarrenek Iker Galartzari ere deitu zion, Korrikak Gure Zirkuan ospatu nahi zuelako ekitaldia. Galartzak pozik erantzun zuen baietz, egun horretan karpa libre zutela.
4.
Poxpolo pailazoak eta AEKren arduradun Alizia Iribarrenek eta Aitziber Balanzategik Gure Zirkuko karpan egin zieten ongietorria Pirritx, Porrotx eta Marimototsi.
5.
Bilera egin ondoren, omenaldiko detaile txikienak ere ondo zehazteko, familia argazkia atera zuten, irribarretsu, denek elkarrekin.