Usoen bitartez mezuak bidaltzeko zaletasuna pertsona gutxi batzuek mantentzen dute bizirik. Mende askoan, informazioa trukatzeko modu bat izan da; gaur egun, aldiz, uso mezularien txapelketetan parte hartzeko eta/edo zaletasun soila da. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.
Usozaletasuna “artea da”. Hala definitzen du Nicolas Xamardok, Araban zaletasun hori duen pertsona bakanetako batek. Usoak umatzen ditu, ale onenak lortzeko, txapelketatan parte har dezaten. “Intuizioz jakiten duzu uso bakoitza nolakoa den eta zein sasoitan dagoen; hau da, ez da gauza zientifikoa”. Abereen osasun onari eustea, elikadura zaintzea, entrenamendu egokiak egitea, sen handiena duten animalia onenak elkartzea…
Baina zergatik da posible zaletasun hau? Zergatik daude uso mezulariak? Galdera horren atzean animalien sena dago. Usoek, beste animalia batzuek bezala, jaio diren lekura itzuli nahi dute. Etxekotutako usoak jaio diren usategira itzuliko dira. Sen horri esker, Xamardok Berrikano herrian (Araba) duen usategiko hegazti bat askatu eta ehunka kilometrora urrunduz gero, ordu batzuetan hegan bueltatuko da: “Behin askatuta, altuera hartzen dute beren burua kokatzeko, etxerako norabidea hartzeko”.
Ezagutzen ez duten ingurunean etxerako norabidea aurkitzeko gai dira usoak, hau da, altuera hartutakoan jaio diren lekura eramango dituen bidea aurkitzeko modua dute, erreferentzia ezagunik izan ez arren. Oraindik ez dago zientifikoki egiaztatuta nola lortzen duten. Esperientziak erakutsi du, baina, arrazoia eremu elektromagnetikoekin lotuta egon daitekeela. “Usoek bidean ekaitz elektrikoak topatzen dituztenean, tximista eta guzti, norabidea galtzen dute” azaldu du Xamardok.
Distantzia ezberdinak
Uso guztiek ez dute balio mezulari izateko. Arraza zehatzak daude, eta bakoitzak ezaugarri bereziak ditu eginbehar batzuetarako: batzuk oso azkarrak dira, beste batzuek distantzia oso luzeak egin ditzakete gelditu gabe. Ezaugarri horiek baliatzen dituzte usozaleek txapelketetan parte hartzen dutenean. Uso mezularien lasterketak lau distantziatan banatzen direla dio Xamardok: abiadura lasterketak, 100 eta 300 kilometro bitartekoak; iraupen erdikoak, 300 eta 500 km artekoak; iraupen lasterketak, 700 km-raino; eta, hortik aurrera, iraupen handiko lehiak.
Txapelketak uso mezularien aipatu sen horretan oinarritzen dira: animaliak jaio den lekura itzuli nahi du. Lehia hasi aurretik, usozaleek, mezu bat beharrean, bi eraztun jartzen dizkiete hegaztiei hanketan: batean jabearen datuak ageri dira, usoa galtzen bada ere; besteak txip bat darama, usategira heltzeko behar izan duen denbora jakiteko. Ondoren, animaliak propio prestatutako ibilgailu batean sartu, usozaleak etxera itzuli eta aberea noiz itzuliko zain geratzen dira. Ibilgailuak, bitartean, abiapuntura garraiatzen ditu hegaztiak, bertan askatzeko.
Dema horietako batean lortu zuen Xamardok emaitzarik onena. 2023an, bere hiru usok Belgikatik Berrikanora arteko bidea egin zuten, zehazki 1.004 kilometro. Usoak elkarteko kidea da Xamardo, eta bertako kideetako batek inoiz lortutako distantziarik luzeena izan zenez, plaka bat eman zioten. Usoen bidaia, ordea, ez zen erraza izan. Aurkitu zituzten trabei aurre egin behar izan zieten: eguraldia, ura edan, harrapakariak saihestu… “Berrikanoko usategira heldu zen lehen usoa zauri handiekin heldu zen; Arabako Lautada zeharkatu behar izan zuen, eta bertan aztore asko daude”. Zainketen ostean, uso horrek Berrikanoko usategian jarraitzen du.
Usoen lotura
Dela txapelketetan parte hartzeko, dela zaletasun hutsagatik, usozaletasunak une “hunkigarriak” eskaintzen dituela nabarmendu du Xamardok. “Usozale ospetsu bati usoak zergatik itzultzen diren galdetu zioten, eta hark erantzun zuen beragatik egiten dutela, zaindariarekin lotura sortzen delako”. Lotura hori zaintzari eta eta usoen berezko sena indartzeko lanei esker sortzen dela gaineratu du. Xamardok hiru pausotan egiten du entrenamendua. Otsailean edo martxoan, usoak hartu, hamabost kilometro ingurura urrundu eta askatu egiten ditu. Geroago, Nafarroa ingurura eramaten ditu, eta ondoren Tolosa aldera. “Azken entrenamendua Baiona inguruan egin, eta gero txapelketetara eramaten ditut”.
HAMAIKA ERABILERA, ETA EZ BETI ONAK
Informazioak garrantzi handia izan du gizadiaren historian, eta, ondorioz, baita informazioaren garraioak ere. Usoak helburu horrekin erabili izan ditu gizakiak milurteko luzez. Denboran atzera eginda, kultura handietan arrastoa aurki daiteke: Erroma, Grezia, Txina, Fenizia, Sumeria… Egipton aurkitu dituzte lehen aztarnak. Militarrek bere egin zuten usozaletasuna, mezuak garraiatzeko eta duela gutxira arte eutsi diote. Esaterako, Espainiako Armadak 2010era arte baliatu zituen osoak; usozale guztiak erroldatuta zituzten, behar izanez gero usoak eta usategiak konfiskatzeko. Kazetaritzan ere zeresana izan dute usoek. AFP informazio agentziaren hastapenetan, 1835ean, abere hori erabili zuten. Augusto Prehl Hartmann ikerltzaileak bestelako erabilera batzuk ikertu ditu, droga trafikatzaileenak, kasu; izan ere, uso bidez bidalitako mezuak harrapatzea zaila da.