Donostialdetik eta inguruko bailaretatik trumilka hurbiltzen da jendea bi mendi hauetara, egun osoko edo egun erdiko plan lasaiak egin daitezke eta. Andoni Urbistondo. Argazkiak: Andoni Urbistondo.
Adarramendi omen, Pagasarrirekin batera, Euskal Herrian jende gehien ibiltzen duten mendietako bat. Pagasarrik Bilbo Handia du ondoan, Adarramendik Donostialdea eta inguruko bailarak. Milaka biztanleren arnasgune, 800 metroko mendia da, bizpahiru orduko ahalegina eskatzen duena, tarteka gogor xamarra. Alegia, mendia da, ez osteratxo soila. Trukean, ez dauka zailtasun teknikorik, Aiako Harriak ez bezala. Beste abantaila handi bat ere badu: autoa uzten den tokian, Besabi auzoan, erretegi dotore bat dago, eta Adarramendi-Onddi aldera etortzen denak nekez hartzen du etxerako bidea bertan pintxo edo freskagarriren bat hartu gabe.
Inguruneak seinaleztapen bikaina dauka. Urnietako Udalak, Gipuzkoako Aldundiarekin eta herriko Zanpatuz Mendi Taldearekin elkarlanean, bideak seinaleztatzeko ekimena jarri zuen abian duela urte batzuk, eta galtzea ia ezinezkoa da. Besabin bertan, informazio panel osatua dago, bide guztiak erakusten dituena, baita iturri bat ere zintzurra freskatzeko. Hainbat aukera daude Besabitik abiatuta: Adarramendi bera eta, behera, Eteneta monumentu megalitikoa eta Adarramendi hegoaldetik; bi gune horiek eta Onddi, Hernanin eta Urnietan tontor bana duen kaskoa, eta bigarrenaren altzoan dagoen Muniskue monumentu megalitikoa.
Azken txango hori jende asko erakartzen hasi da azkenaldian, haurrak dituzten familientzat aski erraza delako. 7-8 kilometroko ibilbide samurra da, desnibel handirik gabea, eta pistan barrena beti. Izen ofiziala Muniskue bada ere, ahozko esanak bultzatuta karteletan Mulisko Gaina agertzen da. Mulisko toki ederra da, lasaia, berezia, bakartia, baina mistikotik asko duena. Handik Arano ikusten da, Nafarroan egonda Kantauri Itsasoa ikustea ahalbidetzen duen herri bakarra. Aballarri eta Adarramendiren tontorrek ere silueta ezberdina erakusten dute.
Mulisko gainetik Onddiren gailurrera igotzeko xenda ona da, gurasoren batek izerdi putzua bota nahiko balu. 15-20 minutuko ahalegina izan arren, ez oso luzea, malkartsua da, broma gutxi. Onddik 543 metro ditu, ez da oso garaia, baina handik Donostialdea, Txingudiko Badia eta Lapurdiko kostalde osoa beste inondik baino hobeto ikusten dira. Baita Aranoko mendiak eta Hernio bera ere, dotore, ipar mendebaldera.
Adarramendi eta Eteneta
Adarramendi da inguruko mendirik garaiena; nondik begiratzen zaion, 811, 819 edo 824 metro ditu. Besabitik abiatuta, ordu eta erdiko ibilbidea da, lasai joanda, 500 metroko desnibelarekin. Pista Montefrio baserrian bukatuta, hesia zeharkatu eta Aranbegi errekastora daraman xenda hartuko dugu. Adarramendi oso leku urtsua da, erraietan ur putzu handiak baititu. Lehorte latzenetan ere, iturrietatik ur xirripa txikia ateratzen da, eta zoruak lokazteko lain hezetasun izaten du.
Aranbegi errekastoa pasatu, eta eskuineko ertzetik gora Belabietako gainera igoko gara. Han, aukeratu egin beharko dugu: zuzeneko bidea gailurrera edo zeharkakoa Eteneta monumentuan barrena. Zuzenean igoz gero, hauspoa berotuko zaigu, eta asko, malkarra zital samarra baita. Zeharka, Etenetara iritsiko gara, Adarreko Zabala izenez ezaguna den paraje zoragarrira, 700 metrora. Iparraldean Adarramendi du, eta hegoaldean Onddo, Andoaingo gailurra, betizuak, zaldiak eta haien kumeak askatasunean belaze goxoa dastatzen daudela.
Adarramendi errazago igoko dugu hegotik, eta tximista batek gailurreko etxetxo azpiko harria nola txikitu zuen ikusiko. Mantale leporantz jaitsiko gara, aterpea ikusi, Aballari magalean, eta Sansonarri harri puska bereziari begiratuz emango diogu bukaera txangoari. Hiru eta bost metroko altuera-zabalera daukan harri aparta da, paregabekoa, handia. Mitologiak dioenez, Sanson Buruntza mendian zen lotan, lauzpabost kilometrora, eta Aranon erromeria zegoen. Haren zaratarekin haserre, habaila batean ehunka tonako harria jarri, eta Aranora jaurtitzen saiatu zen. Jaurtiketa unean behi kaka zapaldu, irrist egin, eta harria bidearen erdian geratu omen zen.
Euskal mitologiaren aberastasunaz hausnartuz hartuko dugu Besabira bueltatzeko bidea, ordu erdi eskasean burutuko duguna.
ONDDI-ADARRAMENDI MENDIAK
Non: Urnieta.
Iraupena: txango laburrak, 2-3 ordu; txango luzeak, 4-5 ordu.
Zailtasuna: erraza, zailtasun teknikorik ez. Mulisko gainerako txangoa oso egokia haurrak dituzten familientzat.
Non jan: autoa uzten den tokian badago erretegi bat.