Azterketak Euskaraz kolektiboa izanen da 23. Korrikaren omendua. Hura osatzen duten kideen egoera ezagutarazteko bozgorailua izatea du xede omenaldiak. Ane Elordi Alburquerque Korrikaren koordinatzaile nagusiak adierazi legez, “gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”. Ipar Euskal Herrian, baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izateko aldarrikapenak hiru hamarkada bete ditu. Ikasturtez ikasturte, Seaskako ikasleek borroka horren lekukoa eskualdatu dute, belaunaldi batetik bestera. Preseski, hori da ederrena: irakasleak eta gurasoak lagun, gazteak dira hizkuntz eskubideen aldeko dema honetako protagonista. Horixe erakutsi nahi izan du Lander Garrok Oihaletxea dokumentalean, lehengo eta egungo ikasleei hitza emanez. Inhar Iraizotz. Argazkia: Oihaletxea.
Baina zer dira baxoa eta brebeta? Gaia jada landu genuen AIZU! aldizkariaren 477. zenbakian. Baxoa da Ipar Euskal Herriko ikasleek goi mailako ikasketak egin aitzin gainditu behar duten azterketa multzoa, Hegoaldeko selektibitatearen antzekoa. Brebeta, ostera, 14-15 urteko ikasleek kolegioa gainditu dutela erakusteko egiten dute eta, iragan urtetik, euskaraz egin dezakete osoki Seaskako ikasleek, baxoa ez bezala. Lander Garrok (Errenteria, 1975) auzi hori izan du hizpide Oihaletxea dokumentalean.
Zer zerikusi du kanpin denda batek azterketak euskaraz egiteko eskubidearekin?
Paralelismo bat irudikatu nahi nuen. Oihal etxea babesten zaituen etxe bat da, baina ahula, era berean; hau da, kanpoko fenomenoen aurrean, zaurgarria. Ondorioz, euskaldunok gure oihal etxearen hauskortasuna zaintzen gabiltza, haizeak gogor jotzen duen aldiro askatzen diren sokei eutsiz, ekaitzak gure etxea desegin ez dezan. Eta etengabeko borroka horretan murgildurik, gure egiazko adreiluzko etxea eraiki ezinean gabiltza… gure hizkuntza babestuko duen egitura politiko egonkorra eraiki nahi eta ezinean. Horixe da gure bizitza, hazi beharrean, biziraun.
Oihal etxeak, halere, malguak dira. Kolpe bat jaso eta jatorrizko forma berreskura dezakete. Hain zuzen ere, baikortasun hori erakutsi nahi izan duzu…
Bai, nire ustez, dokumental honek oso energia polita transmititzen du. Agertzen diren pertsonaiak gazteak dira; adibidez, azterketak euskaraz egitearen alde Bordele eta Baiona arteko bizikleta martxa egin zuten ikasleek 14-15 urte dituzte. Seaskan ohituta daude, agian, haur hain kontzientziatuak ikusten, baina Hegoaldean ikusaraztea interesgarria iruditu zitzaidan. Eta egia da Iparraldeko ikastoletan lan handia egiten dela, konplexu gutxirekin, haurrek heziketa politiko eta sozial indartsuagoa izan dezaten. Beraz, bai, dokumentalari energia oso positiboa dariolakoan nago.
Filmean, 30 urteko ziklo bat erakutsi duzu…
Bai. Aita bat eta haren alaba elkarrizketatu ditut. Gizona baxora bitarteko ikasketak ikastolan egin zituen lehen belaunaldikoa da. Hain zuzen, belaunaldi horretakoen ekimenez abiatu zuen Seaskak bere lizeoko lerroa. Aita horren alabak, iaz, baxoa frantsesez egin zuen. Biak elkarrekin jarri nituen, Iparraldeko ikastolek 30 urtez pairatu duten ziklo luze hori erakusteko.
Sortzaile gisa, nondik heldu nahi izan diozu gaiari?
Estetika zaintzea gustatzen zait, baina handinahirik gabe eta naturaltasuna zainduz. Gakoa, ordea, protagonistei hitza ematea da. Ordu erdiko dokumentalean, hemezortzi lagun elkarrizketatu ditut. Borroka horren inguruan jende asko mugitzen dela ikusarazi nahi nuen.
Baxoak, egun, gutxi irauten du. Zergatik da hain garrantzitsua?
Lehenik, inposizioa delako, Frantziako Estatuarekiko mendekotasuna irudikatzen duena. Bigarrenik, ikasleentzat zailtasun handia delako. Ikasleek eurek dokumentalean dioten bezala, azterketak frantsesez egin behar izatea zailtasun gehigarria da, euskaraz landu duten gai bat beste hizkuntza batean azaldu behar dutelako. Eta, hirugarrenik, baxoak asko baldintzatzen die azken ikasturtea; hainbeste, ezen ikastaro batzuk frantsesez ematera behartuak diren ikastolan.
Zein lotura ikusten duzu Azterketak Euskaraz kolektiboaren eta Korrikaren arten?
Lekukoa. Baxoa Euskaraz ekimenaren segida (edo lekukoa) belaunaldi batetik bestera pasatzen delako urtero. Gainera, begira zein bitxia: bai Azterketak Euskaraz bai Korrika ekimen ederrak dira, baina desagertzeko sortuak. Gauza xelebrea da. Korrika oso polita da, baldin eta hiltzeko sortu zela ulertzen badugu. Korrikak, bere edertasunean, desagertu egin nahi du. Alegia, nahiko luke irauteko arrazoirik ez izan. Zeren Korrika desagertzen bada, euskarak bere adreiluzko etxea lortu duelako izango baita.