Hamar metro koadroko ziegatik hiru hektareako baratzera. Duela ia bost urte zabaldu zuen Emmaüs Fundazioak Baudonne etxaldea Tarnosen, Baionatik iparraldera. Bertan, espetxealdia abantzu bururatu duten emakumeak hartzen dituzte, beren birgizarteratzean laguntzeko. Etxaldearen gidaritza Gabi Mouesca presondegien kontrako militante euskaldunaren esku da. Inhar Iraizotz. Argazkiak: Inhar Iraizotz.

Espetxeratua izatea kolpe handia da, baina baita inolako babesik gabe ateratzea ere. Urteetan giltzapeturik egon ondoren, atxilotuak kanpoan geratzen dira. Aske, baina sarritan lanik eta etxebizitzarik gabe. Birgizarteratze prozesuan laguntzeko eta berriz espetxeratzea saihesteko, kondenaren bukaerako urteak lanean eta giro goxoagoan emateko, lau etxalde sortu ditu Emmaüs mugimenduak. Horietako bat, emakumeentzako bakarra, Euskal Herriko mugan kokatu dute.
Emmaüs Baudonne etxaldea Tarnosen da, Landetan. Lapurdiko mugatik jauzi ttipia eginez hel gaitezke hara, non jauzi handiagoa egiteko prest diren zazpi emakume bizi diren gaur egun. Denek ere bost urtetik gorako presondegi zigorrak jasan dituzte, eta espetxealdiaren bukaera birgizarteratzeko tranpolin izatea xerkatzen dute.
“Gure etxaldea presondegiaren eta kanpoko munduaren arteko segurtasun logikaren barruan dago. Emakume hauek kondena osoki bururatzen dutenerako, kanpoaldearekin harremanak jada garatuago izatea xerkatzen dugu”. Horrela mintzo da Gabi Mouesca etxaldeko zuzendaria. Bera ere preso ohia da. 17 urte eman zituen preso, Iparretarrak talde armatuko kide izatea leporaturik. 2001. urtean aske atera zenetik, presoen bizi baldintzen alde lanean aritu da. Lehenik Frantziako Gurutze Gorriko presondegietako erreferente izan zen, eta 2004an Espetxeen Nazioarteko Behatokiko lehendakari hautatu zuten.
Ahantziak
Haatik, aldi honetan, presondegi sistemako “ahantziak” hartu nahi izan ditu Mouescak ardatz: emakumeak. Frantziako presoen % 3 dira gaur egun, eta gehienak beren jatorrizko bizilekuetatik urrun espetxeratuak dira. Izan ere, Frantziako espetxeen herenak baizik ez du emakumeak hartzeko modulua. Horrek bakartzea eta familia loturak haustea gehitzen dizkio zigorrari. Oro har, jatorriz Guyanakoak edo Hego Amerikakoak izaten dira, prekarietate handia jasatera eta drogak garraiatzera behartuak. “Hori dela eta, presondegi sistemak bortitzen kolpatutako emazteak lehenesten ditugu, bereziki kondena luzeak ukan dituztenak” dio Mouescak. Emakume horiek sei hilabete eta bi urte bitartean egon daitezke etxaldean.
Azken bost urteetan ere, ia berrogei andre iragan dira bertatik. Birgizarteratzeko kontratu baten bidez, astean 26 oren lan egiten dute baratzean gutxieneko lansariaren truke. Mouescak dioenez, “hemen irabazten duten sosa gastu judizialak eta/edo galdeginak zaizkien kalte ordainak ordaintzeko baliagarri zaie”.

Laborantza biologikoaren haritik
Baratzeko lanak elkarlanean gauzatzen dituzte baudonnetarrek, eta ekoizpena planifikatzeko biologian aditua den baratzezain eta laborantza arduradunaren laguntza dute. Barazkiak zuzeneko salmentaren bidez saltzen dituzte, bide bazterrean ezarritako dendatxo batean. Alta, asmo handiagoak ere badituzte. Jantoki ekologiko eta solidario bat irekitzeko xedea dute, etxaldean ekoizten diren barazkiak baliatzeko eta emazteen harreman sozialak biderkatzeko gune izan dadin.
Dena den, Baudonne etxaldea baino gehiago da, “bizitokia da, bereziki”. Emazte bakoitzak bere logela du, eta ondotik bizitza komunitariora bideratutako beste eremu batzuk sortu dituzte, hala nola hezitzailearen bulegoa, sukaldea, bilkura gelak eta pausagunea. Mouescak azpimarratu duenez, “etxaldeak familia pentsio baten ezaugarriak izatea nahi genuen”.

GAZI-GOZO
Azken urtean Tarnoseko proiektutik iragan diren hamar emazte presoetatik bederatzik erdietsi dute birgizarteratze prozesua burutzea. Datua ona da, jakinaren gainean Frantziako gisa bereko egituretan % 65k bakarrik lortzen dutela. Behin aske, “emazte gehienek herrialde honetan gelditzea hautatzen dute, kasu anitzetan gure etxaldea dutelako gizarte honekin lotura bakarra. Horrek erran nahi du ondotik ere maiz ikusten ditugula”.
Datuak onak izanik ere, sentimendu gazi-gozoa dute etxaldeko lantaldean: “Erakunde publikoetako ordezkariak kontent dira gure emaitzekin, baina zenbakiak bakarrik ikusten dituzte. Etxaldetik joaten direnean, etxebizitza, lana eta formakuntzak lortzen dizkiegu, baina emazte horiek zailtasun handiak dituzte ondotik ere. Nik hurbiletik ezagutzen ditut. Anitzek eritasunak dituzte, alkoholarekin harreman txarra eta/edo jarrera bortitzak. Erakundeetako ordezkari horiek, ordea, ez dute hori guztia ikusten”.

 



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.