Young Frankenstein pelikula historiako pelikularik mitikoenetako eta barregarrienetako bat, 1974ko abenduaren 15ean estreinatu zuten. Pertsonaia ahaztezinak, eszena itzelak, esaldi famatuak: azken 50 urteotan, ez du komikotasuna galdu. Nahiz eta pelikulako ia aktore guztiak hilda dauden, zinemak horrelako mirariak egiten jarraitzen du. Alessandro Ruta.
Parodia
Young Frankenstein, ziur aski, parodia bat da. Zerena? Zeren karikatura? Beldurrezko pelikulena, noski. Mel Brooks zuzendariak, bere umorearekin, estereotipoak erabiltzen ditu estereotipoez trufa egiteko. Mary Shelley-ren Frankenstein eleberrian, jatorrizko Frankenstein pertsonaiak zientzialari zoroa irudikatzen zuen. Filmean, haren ilobak ez du horrekin ezer jakin nahi, eta izen-abizenak ere aldatuko ditu: “Nire aitonaren lana zabor hutsa zen!”, Frederick Frankenstein gazteak unibertsitateko bere ikasleei argi eta garbi esaten dienez. Azkenean, iritziz aldatuko du, baina modu barregarrian. Eta Frankensteinen izaki berria karikatura nabarmena da, ez duelako beldurrik ematen; aitzitik, dantza egiten du eta ekonomiari buruzko egunkariak irakurtzen ditu.
Igor konkorduna
Frederick Frankenstein, edo Friedrich Fronkensteen, da protagonista. Dena den, beharbada, beste “faktore” batek izan zuen eragina pelikularen arrakastan: Marty Feldman. Aktore ingelesak Igor konkorduna gorpuztu zuen, Fronkensteenen laguntzailea. Igor edo “Aigor”, noski, mintzamena oso garrantzitsua da eta. Igor benetako konkorduna da? “Zirujaua naiz; nahi baduzu, kenduko dizut konkor hori” eskaintzen dio Frankenstein gazteak. Eta Igorren erantzuna: “Zein konkor?”. Eszena batzuk igaro ostean, konkorra ezkerretik eskuinera mugituko da. “Nire aitonak zure aitonarentzat lan egiten zuen. Baina, noski, orain soldata hirukoiztu egin da” diotso Igorrek bere maisuari. Pertsonaia ezinbestekoa da Igor.
“Euria egin dezake”
Pelikulak eszena ahaztezin piloa du, horrexegatik da kultuzko filma. Besteak beste, honako hau: Frankenstein doktorea eta Igor gorpu bat ateratzen ari dira lurpetik, ondoren “Izakia” sortzeko erabiliko dutena. Baina ez da batere erraza, lokatzetan dabiltzalako. Azkenik, lortuko dute. Hilkutxa atera, eta Frankensteinek, kokoteraino, hauxe dio: “Hau lan zikina”. Igor laguntzaileak, lasai-lasai, zera erantzuten dio: “Okerragoa izan daiteke. Euria egin dezake”. Eta, berehala, ekaitza hasiko da. “Euria egin dezake” esaldi unibertsala bihurtu da, unerik txarrenetan modu lakonikoan erabiltzeko. “It could be worse, it could be raining”, jatorrizko bertsioan.
Frau Blücher
Beldurrezko eleberri eta pelikulen parodia da filma, beraz. Hasieran, pertsonaiarik beldurgarriena Frau Blücher da. Emakume honek Frankensteinen gaztelua zaintzen du eta beldurra gorpuzten, argi eta garbi: gazteluaren barruan edo kanpoan Frau Blücher izena entzunez gero, zaldiek irrintzi egiten dute. Pixkanaka-pixkanaka, emakumearen sekretuak ezagutuko ditugu; noski, absurdoak eta barregarriak dira, batez ere Frankenstein doktorearen “laguntxoa” izan zela. Cloris Leachman aktorea, alegia, Frau Blücher, oso estimatua zen ordurako, 3 urte lehenago Oscar saria irabazi zuelako The Last Picture Show pelikulan egindako lanari esker. Baina The Young Frankestein-en egin zuen lanagatik ezinbesteko aurpegi bilakatu zen.