Kenya naturaren altxorra da. Hainbat eta hainbat animalia espezie aterpetzen dira bertako natur parkeetan, Masai Maran, Samburun, Nakurun eta gainerakoetan. Juan Luis Mugertza.

Nairobiko Jomo Kenyatta aireportura heldu gara. Kanpoan, gure gida eta nahikoa zahartutako Toyota Land Cruiser jeepa ditugu zain. Horrelako bidaietan, alokatutako autoa gidatu nahi izan ohi dugu, baina Kenyan erreparo handia ematen digu bertako trafiko kaotikoan gora eta behera gidatzeak. Paul gidariarekin, swahiliz lehen hitzak ikasteko parada izan dugu hotelerako bidean: jambo (kaixo), asante sana (eskerrik asko), hakuna matata (arazorik ez), pole pole (poliki-poliki)…

Goizean, hegoaldeko Rift bailarara abiatu gara, Naivasha lakura. Gaurko tartea laburra izan da (98 km). Bidean, Manguo zingiran gelditu gara txoriak ikusten, eta arratsaldean bi ordu egin ditugu txalupa batean padurako makilatxoetan pausatutako martin arrantzaleei, ubarroiei eta koartzei argazkiak egiten, eta hipopotamoak bertatik bertara ikusten ere bai. Inor gutxi zegoen, are gutxiago gure moduko udatiarrik. Hori bai, tartean bertako batzuk ikusi ditugu arrantzan uretan sartuta.
Naivashatik Kenyako iparraldera jo dugu. Datozen lau egunotan, Samburu, Buffalo Springs eta Shabako erreserbak ikusiko ditugu. Hiru dira, baina lautada erdi basamortu eta paraje arrokatsu hauek elkarren ondoan daude. 386 km-ko bidea da (6 ordu), eta oso gogorra, nola gidatzen duten eta zer-nolako bideak diren kontuan hartuta. Hala ere, merezi izan du: ikusi ditugu txoriak (gangak, arrano borrokalariak, hontzak…), ugaztunak (gepardoak eta kumeak, lehoinabarrak, lehoiak, etab.)... Ikaragarria izan da.
Nakuru lakua dugu hurrengo helmuga. Bidean, kudeaketa pribatuko Ol Pejeta erreserban gelditu gara. Bertan, merkatu beltzetik askatutako txinpantzeak daude, eta Afrikako ekialdeko errinozero beltzen santutegirik handiena. Munduan gelditzen diren iparraldeko errinozero zuri bi ikusteko aukera ere badago. Nakuru lakuan, garai batean, milioi bat flamenko arrosa bizi ziren, baina orduko postaletara jo beharko dugu hori ikusteko, oraindik ere hegaztiak ikusteko leku ona izan arren. Izan ere, lakuaren inguruetako tratatu gabeko ur kutsatuak nabarmen murriztu du, poliki-poliki, animalia horien kopurua.
Nakurutik Baringo lakura joan gara, 134 kilometrora. Hango txorizale batek lagunduta, inguruetan gaueko txoriak ikusi ditugu: hontzak, zatak eta atalarrak. Hurrengo egunean, bi orduko txangoa egin dugu txalupa batean, hoteletik hurbil dagoen eta ornitologoen paradisua den zingira honetan. Izan ere, bertako arrainek txori asko (koartzak, itsas arranoak, martin arrantzaleak…) erakartzen dituzte, baita krokodiloak ere.
Biharamunean, Masai Marara joan, eta hiru gau egin ditugu bertan. Samburun bezala, denetik ikusi dugu: bi gepardo, lehoi bikote bat arreske eta lehoinabarrak, besteak beste. Alabaina, Mara ibaiaren ondoan artzaintzatik bizi diren masaien tribu enblematikoaren argazkia nahiko lausotuta ikusi dugu, nahiz eta jantzi gorriak eta manta masai (shuka) koloretsuek oso txukun edertu haien gorputzen dekorazioa. Dena dela, gehienek gaur egungo janzkera eta ohiturak dituzte; bestelako itxura baldin badute, turistek argazkiak egitearen truke txanpon batzuk irabazteko izaten da.
Azken egunean, Nairobiko parke nazionalera joan gara, hiriburutik zazpi kilometrora. Oso bitxia da belarretan erdi ezkutuan lehoiak ikustea eta atzean, begien bistan, etxe orratzak izatea. Kenyak gehiegizko populazioa du, eta naturan ere sekulako eragina du. Hori dela eta, ezin uka hiriburu baten barruan kokatutako munduko natura erreserba bakarrak arrisku handia duela. Gainera, trenbide baten eraikuntzak ez du bermatzen bertako faunak eta florak epe luzera irautea. Agintarien esanetan, trenbidea beharrezkoa da eta nazioaren garapena ezin da gelditu faunarengatik. Turismoa, ordea, Nairobiko ekonomiaren eragile nagusietakoa da. Kwaheri! (agur), Kenya, eta zaindu zeure burua.

NON DIRA ÑUAK?

Masai Marara joateko urteko sasoirik onena uztailetik urrira izaten da, hots, migrazio garaian, orduan etortzen direlako Serengetitik milaka ñu urdin eta zebra, besteak beste. Gu sasoi horretan izan gara, baina migrazioa parean suertatzea txiripa hutsa da. Telebistako dokumentalak egiten dituztenek eta/edo egun batetik bestera jakinaren gainean jarriko duten aberats horrek ikusiko dituzte bertatik bertara, baina gainerakook errazago ikusiko ditugu Espainiako telebistaren 2. katean.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.