AEBetarako nire bidaia xehetasun osoz kontatzea zen asmoa. Den-dena kontatzea. Alabaina, abokatuak agindu dit, serio asko agindu ere, JFK aireportuan nire maletatxoarekin gertatutakoaz txintik ez esateko. Ez nuen uste hainbesterako zenik, baina zer nahi duzue esatea, ni ez naiz abokatua. Zer edo zer izatekotan, frikia baino ez naiz. Futbol amerikarra eta, zehazki, Pittsburgh Steelers taldea maite dituen frikia. Xabier Etxaniz Rojo.

Bai, ene lagunok: frikia naiz oso. Izan ere, ozeanoa alderik alde zeharkatu nuen Baltimore Ravens eta Pittsburgh Steelers taldeen arteko futbol amerikar partida ikusteko. Nire frikitasuna ezkutatzeko, asma nezake, zer dakit nik, urteurrenen bat ospatzeko iritsi nintzela Brooklyngo zubira 2023ko Urtezahar egunean, Broadwayko musikalek erakarrita eta Manhattango skyline-ak itsututa. Baina gezurra litzateke. Azken batean, nik helburu bakarra nuen: 2023ko urtarrilaren 1ean iluntzeko 20:00etan Baltimoreko M&T Bank Stadium-ean egotea.

Hala, Urtezahar gaua New Yorken igaro nuen, Queens auzoko taberna zulo batean, zehazki. Festarako gau aproposa izanagatik ere, uko egin nion tabernako drag queenak karaokean kantatzeko egin zidan gonbitari, eta urte berria heltzeko atzerako kontaketa egin ostean oheratu nintzen. Baltimorerako trena goizean goiz nuen eta, gainera, kantatzen txarra naiz oso.
Baltimore New Yorketik 300 bat kilometrora dago. Trenez, 3 ordu baino gutxixeagora. Harako bidaia atsegina izan zen. Eguzkia zeruan, Steelersen kamiseta soinean eta Internetik ez telefonoan, parada bikaina pelikuletan hainbestetan erakutsi izan diguten beste Amerika hori leihotik ikusteko: herri txiki ikaragarri handiak, etxe familiabakar andana, autotzarrak atarietan, barbakoak lorategietan, AEBtako banderak zut.
Lehenengo geldialdia Baltimoren: Motel Six. Hiriko aldirietako motel merkea, errepideen aldeetan izaten diren horietakoa: bi solairu eta korridore luzeak, dena aparkaleku baten inguruan. Itsusia eta zoldatsua, baiki, baina zein jende jatorra bertakoa! Nire bizipena are estatubatuarragoa izen zedin, atxiloketa prestatu zidaten iritsi bezain pronto. Ez nirea, noski, ezpada ustezko -eta itxura osoko- trafikatzaile handikote batena, zeina Baltimore County Police-ren polizia auto batean eraman zuten.
Aitor dut ikuskizuna gustatu egin zitzaidala.
Eguerdi partean, Inner Harbour izeneko ingurura joan nintzen bazkaltzera. Hiriko aisialdi gunea da, portuaren inguruan. XVIII. mendean, etorkinak saldoka iristen ziren bertara ozeanoaren bestaldetik. Urteberri egun hartan, ordea, Ravenszaleak zetozen pilaka. Partida hasteko 3 ordu falta zirela abiatu nintzen futbol zelairantz.
Goizegi? Ez pentsa. Entzuna nuen AEBetan futbol partidak aparkalekuetan hasten direla, eta halaxe dela egiaztatu ahal izan nuen. Norgehiagoka hasi baino ordu batzuk lehenago, bi taldeen jarraitzaileak aparkalekuetan elkartzen dira egundoko festa egiteko. Jana eta edana erruz, barbakoa eramangarriak, garagardo latak eta hanburgesak nonahi. Oro ikuskizun eta festa, oro foodtruck eta kontzertu, oro musika talde eta DJ. Oro american style, jakina, itsas armadan izena emateko txiringito eta guzti. Hor zeudenak ere saiatu ziren haiekin joan nendin konbentzitzen...
Ravens eta Steelers taldeen arteko partidak derbiak dira, tentsio handikoak, beraz. Alabaina, etsai intimoak izanagatik ere, zaleen arteko giroa bikaina zen. Istilurik ez, ez kanpoaldean ez harmailetan.
Eskailera mekanikoetan gora joan nintzen hirugarren solairuan neukan eserleku merkera (merkea = 120 €). Musika ozen, argiak ezin distiratsuago eta jendea dantzan. Harik eta musika bandak zelai erdian AEBetako ereserkia jo zuen arte, orduantxe iritsi zen gaueko unerik solemneena: denak zutitu eta himnoa kantatzen hasi ziren. Zer gerta ere, neu ere altxatu nintzen. Hori bai, inguruko guztiek ez bezala, ez nuen eskua bihotzaren gainean jarri. Gehiegizkoa zatekeen.
Ez naiz gehiegi luzatuko futbol partidaz hizketan. Hiru ordu luze iraun zuen, hutsarte ugarirekin, baina denbora ziztu bizian joan zitzaidan, hainbeste estimulu daude-eta une oro. Eta garrantzitsuena… partida osoan markagailuan atzetik joan arren, Steelersek azken minutuan egin zuen garaipenerako behar zuen touchdown-a.
Baltimore Ravens 13 - Pittsburgh Steelers 16.
Pozarren itzuli nintzen Motel Sixera Uber batean. Hurrengo egunean bidaia luzea nuen, lehenik trenez New Yorkera eta jarraian hegazkinez Bilbora.
JFK aireportuan, baina, itzulerako komeriak hasi ziren…

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.