Aldudeko ibarreko euskal pilotaren historiak pantaila handira jauzi eginen du laster. Aldudarrak elkartea dokumental bat egiten ari da ibarreko herritarrak elkarrizketatuz, antzinako bertsoak bilduz eta artxiboetako agiri nahiz argazki zaharrak berreskuratuz. Antzinako pilota jokoak nolakoak ziren erakutsi nahi dute, baita gizartean zuten garrantzia ere. Filma 2024. urtean estreinatuko dute, eta, ibarreko pilotari handienaren omenez, Perkainen itzalean izenburua jarri diote. Inhar Iraizotz. Argazkia: Mikel Erramuzpe.

Kamera eskuan topatu dugu Mikel Erramuzpe (Aldude, 1956), Euskal Kultur Erakundearen lehendakari ohia. Ikus-entzunezkoen hainbat saltsatan ibilia da, hala nola Irulegiko Irratiaren sorreran, Lapurdi Irratian eta Aldudarrak Bideo Elkartean, gerora Kanaldude Telebista sortuko zuen horretan. Orain, erretretak eskaintzen duen patxadaz, erronka berriei heldu die. Adibidez, Banka, Aldude eta Urepele herrietako pilotaren historia kontatuko duen 50 minutu inguruko dokumentalari. Filmak Urepeleko etxe batean atzemandako argazki zahar bat du abiapuntu, duela 111 urte Gartzelako lepoan jokatu zen partida jendetsu bat erakusten duena.
Mikel Erramuzpek dioenez: “Pilota Aldudeko historiaz mintzatzeko estakurua da; izan ere, kirola baino gehiago da, kultura bat da, mintzaira bat, bertsoak dira, kantuak… eta hori guztia biribiltzen ari gara”. Pirinioaurreko ibarretan pilotak izan zuen garrantziari buruzko dokumentala egiten hastean, galdera batzuk etorri zaizkigu burura: “Nola jokatzen zuten pilotan gure arbasoek? Zer da laxoa? Zein inportantzia zuen pilotak garaiko gizartean?”. Galdera horien arrapostuen bila, etxez etxe eramanen gaitu filmak, beste garai batzuk bizi izan dituzten aldudarren oroitzapenak ezagutzeko eta artxiboko irudiak ikusteko.
Halere, Erramuzperen taldeak badu erronka handiagorik, euskal pilotako mito handienetako baten bizitza argitu nahi baitu, Juan Martin Inda Perkain XVIII. mendeko pilotariarena, hain zuzen ere. Gaur egun, Perkainen izena ez zaigu hain ezaguna, baina oraindik ere euskal pilotako pertsonaia nagusietakoa da. Laxoan aritu zen eta, Erramuzpek argitu bezala, “historian aipaturiko lehen pilotaria da, eta nazioartean ere atzerriko prentsak haren balentrien oihartzuna bildu zuen. Horrela, pertsonaia mitifikatu zuten eta herri tradizioan sartu zen”. Horren erakusle, Perkainen kantua izeneko abesti herrikoia edo Parisen egin zuten Perkain le basque opera.
Perkainen itzalean
Mitoak alde batera utzirik, Alduden izan diren beste pilotari batzuen berri emanen du filmak. Horien artean, Jean Baptiste Teilagina eta Jean Baptiste Artxaño aipa daitezke, 1924ko Parisko Joko Olinpikoetan esku-huska lehiatzeko hautatuak. Erramuzperen esanetan, Parisko prentsan “aipamen harrigarriak” egin zituzten bi pilotarien gainean, “partida galdu bazuten ere”.
Dokumentala egiteko, zenbait euskal historialariren lanetan oinarritu dira, baina, Erramuzpek azaldu digunez,lekukotasunen bidez, ezagutzen ez genituen gauza anitz deskubritu ditugu, hala nola Aldudeko mendietan bazirela pilota soroak”. Era berean, testigantzen bidez, ate bat ireki nahi izan diote etorkizunari: “Egun pilota jokoa bultzatzen duten elkarteetako jokalari gazteekin mintzatu gara, eta, horretarako, Perkain elkarteak udan antolatzen dituen egonaldietan izan gara. Aurten, hirurehun haurrek baino gehiagok parte hartu dute jardunaldi horietan, pentsa!”.

BOTE LUZEA: LAXOA
Pilota jokoaren aldaera zaharrenetakoa da. Bote luzean jokatzen da, bi taldek buruz buru pilota alde batetik bestera jaurtiz. Pilotariek larruzko eskularruz jotzen dute pilota, eta pareta erreboterako bakarrik baliatzen da. Talde bakoitzak lau jokalari ditu: sakatzailea, numeroa eta bi laurdenak; lehen biek eskularru luzearekin jokatzen dute, eta beste biek motzarekin. Bere garaian, modalitate arrakastatsuenetako bat izan zen, baina XX. mendean ia desagertu egin zen. 1960an, Malerreka, Xareta eta Baztan eskualdeetan berreskuratu zuten, eta, hain zuen, bote luzeko partida bat antolatu eta filmatuko dute mendiko antzinako pilota soro batean.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.