Perretxikotara joan eta altxor bat aurkitu. Ipuin baten hasiera izan zitekeen, baina horixe gertatu zitzaion Araia (Araba) inguruko auzokide bati, Aratz mendiaren inguruetan zebilela. Eta ez edozein pieza: zer eta duela hogei bat urte desagertutako Araba eskultura, hain zuzen, Nestor Basterretxea eskultore bermeotarrarena. Esti Lanao. Argazkia: Esti Lanao.
Duela hiru urteko maiatzeko goiz batean, Aritz Albisu ziza bila atera zen Aratz mendira. Gipuzkoako aldetik igotzen ari zen eta, tontorretik gertu zegoela, metro gutxi batzuetara burdinazko objektu bitxi bat ikusi zuen harkaitz zirriztu batean. Itxuragatik, dioenez, “hildakoen oroigarri horietako baten antza” hartu zion eta, inskripzioren bat topatzeko asmoz, osorik aztertu zuen, alferrik.
Garrantzi handirik eman ez bazion ere, etxera bueltatu baino lehen argazki pare bat egin zion. Handik egun batzuetara, bikotekideari erakustea otu zitzaion eta hark segituan antzeman zuen balio handiko gauza zela: “Emaztea Araiakoa da, eta eskultura ezaguna egin zitzaion, bazekielako Aratzen gailurrean halako zerbait egon omen zela, desagertu zen arte”. Lagunei bidali zizkieten irudiak; batek baino gehiagok ezagutu eta konfirmatu zuten Basterretxearen Araba eskultura zela. Eskutik eskura, bueltan-bueltan, Txelo Asurmendiren (Araiako alkatea) telefonora iritsi zen. Hark ere ezagutzen zuen artelana, eta Basterretxearen semeari bidali zion irudia, egilea bere aita zela baiezta zedin.
Bien bitartean, Albisuk kontatzen duenaren arabera, herriko aguazila izan zenak pieza menditik jaitsi behar zela esan zuen: “Antza denez, bere garaian eskultura jartzen parte hartu zuen, beste herritar batzuekin batera. Aurkitzeak kristoren ilusioa egingo zion edo, eta menditik jaisteko eskatu zuen, argudiatuta ez zegoela han uzterik eta oso baliotsua zela”.
Martxan jarri ziren eta, basozainen laguntzaz, Araiara jaitsi zuten, oso modu bitxian. Izan ere, figurak burdinazko bi tutu zituen: “Ez genekien ziur zertarako izango ziren, baina guk eskultura patata zaku batean sartzeko, lotzeko eta zintzilik eramateko baliatu genituen”. Asurmendik ere gogoan du unea: “Artelanari esku ohe gisara heldu ziotenez, erreskateak prozesioa zirudien”. Herrira iritsitakoan, udaletxeko areto batera igo zuten eta handik egun batzuetara Gorka Basterretxea (Nestor Basterretxearen semea) etorri zen. Hark ikusi zuen eskulturak ertz batean Nestorren inizialak zituela: N. B.