Arrano beltza (Aquila chrysaetos) Euskal Herriko hegazti harraparirik handiena da. Hala ere, ez dago oso hedatuta gure lurraldean. Arabako mendietan, hamalau-hamabost bikote daude, eta Gipuzkoan, Nafarroako mugan, bat edo bi. Bikote gehienak Pirinioetan daude. Juan Luis Mugertza. Argazkia: Juan Luis Mugertza.

Telefonoa hartu eta deia egin: “Elai Etxea?”. “Bai?”. Hitzordua eginda dago: asteartean, goizeko bederatzietan, Pobesen (Araba). Guk aurreko egunean nahi genuen, baina pare bat eguneko tartea uzten dute arranoek ehiztari senari eusteko eta ez ohitzeko. Adostutako ordua baino lehenago heldu gara, eta urduri gaude. Gainera, laino handia dago, eta ez dakit horrek argazkiak egiten lagunduko digun. Halako batean, hor agertu da gure arrano guardakoa, Joseba Markinez. Ekarri ditugun bizkar zorroak lur orotako ibilgailuaren atzealdean utzi, eta herritik nahiko gertuko pista aldapatsu batetik, poliki-poliki, gure helmugarantz gora egin dugu, albo banatan arteak ditugula. Egindako zatian, etengabeko galderei erantzuten saiatu da Markinez. Dagoeneko bederatzi urte daramatza lanbide honetan, eta gaiak aukera handia eman ohi du.
Mendian gora, halako batean lainoak azpian gelditu dira. Autoa aparkatu eta tarte oso laburra egin ostean, hantxe ikusi dugu egokitutako hide-a, alegia, geure burua ezkutatzeko eta animaliei inolako trabarik sortu gabe argazkiak egin ahal izateko lekua. Behin etxola barruan, sakelako telefonoak isilduta, ahopean izan gara hitz egiten bertako aulkietan eserita. Bitartean, Markinezek ekarritako jakiak (oilasko zatiak eta haztegietako galeper hilak) egokitutako enbor eta makiletan ondo lotuta jarri ditu. Ez omen du edonolako janaririk erabiltzen, kontrol sanitario eta berme guztiak betetzen dituena baino ez.

Gainera, urteko sasoiaren arabera, haragi mota bat ala beste jartzen die arranoei, bikotearen ugalketa sustatzeko. Hori dela eta, bikote honen ugalketa tasa Arabako arrano beltzenaren batezbestekoa baino handiagoa izaten da.
Etorri aurretik hegaztiekiko distantzia luzeagoa irudikatu arren, ez dago inolako aitzakiarik argazki onak ez egiteko. Gainera, haizagailuak ere badaude hide barruko kristala ez lurruntzeko, baita berogailu txiki bat ere, hotzik ez izateko. Markinez gurekin gelditu denez, itxaronaldia arinago pasatu zaigu. Halarik ere, ez dugu aspertzeko beta handirik izan. Izan ere, heldu eta aski azkar kaskabeltz handiak, amilotx urdinak eta eskinosoak etorri dira bisitan, eta haiek ere lagundu digute goiza atseginagoa egiten. Baina gure poza ez da horretara mugatu. Bat-batean, “Hortxe dago!” barru-barrutik irten zaigu Euskal Herriko arranorik handiena eta ederrena ikustean. Baso azpitik egin du gora, aurrena enbor batean eta gero beste batean pausatu da. Ezker-eskuinera eragin dio, etengabe, buruari, badaezpada. Azkenean, jatea erabaki, eta oilasko zatiak irentsi ditu lehenengo, ez dutelako lumatzeko lanik eskatzen. Hori bai, gero galeperrei heldu die eta denbora luzea eman du jaten, ase arte. Oro har, espezie isila da, baina gaur zorte handia izan dugu eta txistu apala eskaini digu, “kiauk–ooo”, pausatuta zegoelarik. Hegaztiak ez ezik, narrastiak, ugaztun txikiak eta, noizbehinka, sarraskiak ere jaten dituzte. Haren harrapakinen artean, 15 kiloko animaliak izaten dira, orkatz kumeak barne.
Denborak aurrera egin du. 13:10ak dira, eta arranoak duela ordu erdi alde egin du. Markinezen esanetan, normalean denbora gutxira etortzen da emea, eta gaur... Emea arra baino handiagoa da, hegazti harrapari guztien artean bezala. Asmoa beste hogei bat minutu itxarotea da, eta ez badator… ospa! Gu otsailean izan gara, ugalketa garaia martxo aldera hasten da, eta baliteke emea habia txukuntzen egotea. Kareharrizko harkaitzetako kobazulo eta erlaitzetan eratzen dituzte habiak, baina batzuek zuhaitzen adaburuetan ere eraikitzen dituzte.
Gaurko saioa ederra izan da. Alabaina, ezin utzi aipatzeke arranoaren inguruko zenbait gauza ilun. Iaz, ale gazte bat Iberdrolak egoera txarrean jarritako linea elektriko batean pausatu eta bertan gelditu zen hilda. Pozoiek eta tiroek ere ez diote batere laguntzen hegazti eder honen kopuruaren hazkuntzari. Bestalde, untxiak gutxiagotu izanak (pneumonia birikoa dela eta) elikagaiak murriztu dizkio. Gainera, haren habiatik gertu egiten diren kirolek (eskalada, xendazaletasuna) ez diote mesederik egiten. Baina seguru asko, egun, harrapari zoragarri hauentzako mehatxurik handienetakoa makrozentral eolikoak dira, enpresa handien onura ekonomikoa besterik ez dutenak xede. Jendea ez badugu gure ekosisteman halako “superharrapariak” duen garrantziaz ohartarazten, alferrik izango dira ahalegin guztiak. Eta, horretarako, ezinbestekoak dira gizartea arlo honetan hezteko antola litezkeen egitasmo guztiak, SEO Betsaide taldeak eta beste hainbatek egin ohi duten moduan. Beraz, badugu zereginik.

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.